Oso positiboki baloratu dituzte Adinduen Egoitzan egindako inkestaren emaitzak

Zaharren egoitza

Pasa den irailean aurkeztu zituzten Adinduen Jesusen Bihotza Egoitzako erabiltzaile eta euren senitartekoei egindako 2013ko Asebetetze Inkestaren emaitzak.

Inkesta maiatza eta ekainean zehar egin zieten 62 egoileei eta baita narriadura kognitiboa duten egoileen 54 senideei ere. Hala, 116 elkarrizketekin, egoitzako biztanleriaren % 83koa izan da parte-hartzea guztira.

Jon Txasko egoitzaren presidenteak adierazi duenez, lan honekin, erabiltzaileen ongizatean eragin zuzenena eta handiena duten gairi buruzko iritzia biltzea lortu dute: instalazioen egoera, bizikidetasuna, langileen tratua eta zerbitzuen kalitatea.

Txaskoren esanetan, “jasotako emaitzak oso positiboak” izan dira eta batez ere, egoileen asebetetzea progresiboki handitzen ari dela azpimarratu nahi izan du. Datu honek, gainera, eskaintzen ari zaien laguntza-zerbitzua etengabe hobetzearen ahalegina berresten du bere ustez.

Zerbitzu ezberdinei inkestatutakoek emandako puntuazioa 7,91 eta 8,55 puntuen artekoa izan da: lehendabizikoa bizikidetasunak jasotakoa da eta bigarrena langileen tratuari eskainitakoa. Halaber, egoitza batez beste 8,95 kalifikazioarekin baloratu dute; honek asebetetzearen goranzko tendentzia erakusten du, izan ere, 2007an lortutako puntuazioa 8,62koa izan baitezen.

Honegatik guztiagatik, Txaskok egoitzako langileak zoriondu nahi izan ditu eta eskerrak eman dizkie euren profesionaltasunagatik.

Asebetetze inkesta bi urtero egiten dute egoitzan eta 2003an ezarri zuten kalitate sistemaren markoan kokatzen da. Sistema honi esker lortu zuten, hain zuzen, ISO 9001-2008 Kalitate Ziurtagiria.