Defentsa pertsonalerako doako tailerra antolatu dute emakumeentzat

defentsa pertsonalaUdal Kirol Patronatuak eta Berdintasunerako Kontseiluak, “Emakumeen Eskola” programaren barruan, emakumeentzako defentsa pertsonaleko tailer bat antolatu dute. Galtzarabordako Udal Kiroldegian izango da eta lau eguneko iraupena izango du: azaroaren 18tik 21era bitarte, astelehenetik ostegunera, 20:00etatik 21:30era.

Tailerren helburua parte-hartzaileek beren buruarekin seguruago sentitzeko aukera emango dieten trebetasunak eskuratu eta garatzea dela azaldu dute antolatzaileek: “Ariketa praktikoen bidez, beren gorputzaren gaineko kontrola hartzen joango dira eta beren indarrarekin konektatu ahal izango dute. Autodefentsarako teknikak ikasiko dituzte, erraz eta eraginkorrak, eta horiekin kontzientzia eta praktika handiagoa izango dute abusu egoeren aurrean”.

Formazioak bi alderdi hartzen ditu bere gain: fisikoa eta psikologikoa. Tailerrean erabilitako defentsa teknikak Wing Tsun arte martzialean oinarritzen dira. Sistema martzial horrek gorputz osoa lantzen du, erreflexuak, azkartasuna eta abar. Oso eraginkorra da; izan ere, “aurkariaren indarra erabiltzen ikasten da haren kontra itzultzeko eta oso erabilgarria da indar fisiko handirik ez duten pertsonentzat”.

Tailerra 16 urtetik gorako emakumeentzat bideratua dago eta ez da beharrezkoa baldintza fisiko zehatz batzuk betetzea. Tailerra, gainera, doakoa da, baina aldez aurretik izena eman behar da, toki kopurua mugatua baita, eta Errenterian erroldatuta egotea beharrezkoa da. Plazak izen-emate hurrenkeraren arabera adjudikatuko dira.

Informazioa eta izen-emateak Galtzarabordako Udal Kiroldegiko harreran egingo dira ( 943 449690) .