Herriko hiru auzotan egongo da auzo konpostajea egiteko aukera

KonpostajeaOstiral goizean eman zuten ezagutzera Jose Manuel Ferradas Ingurumen zinegotziak eta Luisma Diez Hirigintza zinegotziak,  Errenterian auzo konpostajea egiteko 3 gune prestatuko dituela Udalak. Hala, Fanderia eta Agustinak gehituko zaizkio dagoeneko auzotarren ekimenez konpostajea egiten duen Gaztañori.

Ekimena garatzen hasi ahal izateko, eta “Hondakin sorreraren Prebentziorako astea” dela-eta, informazio bilerak egingo dituzte aste honetan. Asteazkenean, hilak 20, Fanderia Auzo elkartean izango da lehena, 19:30ean, bertako bizilaguntzat eta hurrengo egunean, ostegunean, Agustinetako auzo elkartean 19:00etan.

Diezek adierazi zuenez, auzo bakoitzean borondatea duten 20 familiek egingo dute auzo konpostajea, 60 denera, eta parte hartzeko izena eman beharko dute interesdunek Ingurumen sailarekin harremanetan jarriz, 943 449 603 telefono zenbakira deituta edo ingurumena@errenteria.net helbide elktronikora mezu bat bidalita.

Ondoren, auzo konpostajea egingo duten familiei, hori nola egin azaltzeko ordu eta erdiko iraupena duen doako ikastaro bat ere eskainiko dietela esan zuen Artelatz enpresako Mikel Urruzolak.

Hiri hondakinak gutxitzea sustatzeko helburuarekin jarri dute martxan ekimena, “zabortegietara hondakin gutxiago eramatea lorte nahi dugu”, izan ere gai organikoa etxeetako hondakin-poltsaren %40-50 izan ohi da. Gainera, hondakinen %81 birziklatzeko edo konpost egiteko modukoak dira.

2014 hasierarako prest

Ekimenarekin hasteko 30 metro koadroko hesitutako guneak osatuko ditu Udalak aipatu auzoetan eta Ferradasek azaldu zuenez, 2014ko otsaila edo martxoan egongo da dira auzo konpostajea egiten hasteko moduan. Lehendabizi familia boluntarioak aurkitu behar dituzte eta obren lizitazioa ere martxan jarri behar dute.

Emaitza positiboak lortuz gero, Udalaren asmoa herriko auzo gehiagotara ere iristea dela esan dute.