“ADN Kreaktiboa” aurkeztu dute, Errenteriaren izaera kreatibo eta aktiboa

Ia 300 lagun bildu dira gaur Merkatuzarren Errenteria eraldatuko duten proiektuen aurkezpen ekitaldian. Herriaren nortasuna islatu duen bideo batekin ekin zaio ekitaldiari goizeko 11:00etan eta ondoren, Julen Mendoza alkateak, bertaratutakoei ongietorria ematearekin batera, herria definituko duen marka berria aurkeztu du: ADN kreaktiboa. Izan ere, alkatearen hitzetan, Errenteriak badu ADN berezi bat, bakarra eta ezberdina: “ADN solidarioa dugu, langilea, lan eta kultura arloan aktiboa, eta jatorri eta sentimendu ugariz osatua”. Gainera, bereziki kreatiboa eta aktiboa ere badela esan du, eta horregatik izendatu dutela “kreaktibo”.

Mendozak azaldu duenez, eraldaketarako proiektuak 2025 Plan Estrategikoaren prozesu parte-hartzailetik sortu dira. Urtebetean 44 bilera egin dituzte guztira eta “kultura, enpresa, sindikatu, arte eta finantza mundutik datozen 268 herritarrek parte hartu dute berauetan”. Horiek aurkeztearen lana, ordea, lau herritarrek izan dute.

Hitza hartzen lehenengoa Maider Gonzalez Gurutze Gorriko kidea izan da. Berak solidarioa, aktiboa, kohesionatutako eta integratzailea den hiri baten gaineko hausnarketa egin du. Kultura, sormena eta ikaskuntzaz, Jon Bagues Eresbileko zuzendaria aritu da, ondoren. Hirugarren hizlaria Erme Pedroso izan da. Bera Albaolako kidea da eta bere hitzaldian bizi, lan egin eta gozatzea ahalbidetzen duen herriaz hitz egin du. Herritarren txandarekin bukatzeko Jon Bengoetxea Tumaker-en sortzaileak, gizakian pentsatutako ekonomia bultzatzearen gaineko bere hausnarketa azaldu du.

Eraldaketaren beharra

“Bihotzez” eskerrak eman dizkie lau hizlariei Mendozak eta argi utzi nahi izan du aurkeztu direnak ez direla udal proiektuak, herri proiektuak baizik eta arrakastarako giltzarria herritarrek horietan sinistea dela. Honekin batera, Errenteriaren egungo diagnostikoa benetan kezkagarria dela esan du eta horregatik dela hain beharrezkoa eraldaketa; izan ere, langabezia tasa %18,16koa da eta egoera sozial dramatikoa bizi du herriak.

Egoera honetatik ateratzeko, erabaki estruktural eta estrategikoak hartzea ezinbestekoa dela ere esan du alkateak eta eraldaketaren elementu goren moduan hiru ardatz nagusi aipatu ditu: babes soziala, ekonomia kreatiboa eta hiria erakargarri egitea.