Mendoza: “Anbizio handiko proiektua da Plan Estrategikoa baina lortu daitekeena”

ADN balorazioaPasa den larunbatean, hilak 23, 2025 Plan Estrategikotik sortutako proiektuen aurkezpen ekitaldia egin zuten “ADN Kreaktiboa” lelopean, eta gaur, ekitaldiaren balorazio ezin positiboagoa egin du Julen Mendoza alkateak.

Mendoza pozik agertu da hiru arrazoi konkreturengatik: bertaratutako jende kopuruarengatik, partehartzaileen aniztasunagatik, eta aurkeztutako proiektuaren sendotasunagatik.

Izan ere, 300 pertsona inguru bildu zen Merkatuzarren, baina alkatearen ustez, kopuruak baino balio handiagoa du, pertsona horiek Errenteriaren aniztasuna ordezkatu zutela.

Honekin batera, Plan Estrategikoa potentzial handia duen dokumentua dela adierazi du: “Anbizio handiko proiektua da zalantzarik gabe, baina erreala, lortu daitekeena. Eta jakin badakigu, jadanik materiala den gauza batez hitz egiten ari garelako, errealitate konkretuez ari baikara, eta proiektu hau garatzen ari baita dagoeneko”.

Mendozaren hitzetan, proiektuak berak ere indarra handia hartzen du Pasaiako Badiako biziberritzearen barruan sartzen delako, “ez baitago badiaren biziberritzerik inguruko herrien biziberritzerik gabe”.  Horregatik bereziki baloratu du Euskal Herriko instituzio nagusienen ordezkaritza kualifikatua ekitaldian izatea, “oso garrantzitsua baita gure herria beste parametro batzuetan kokatzeko”.

ERRENTERIA 2013, ADNaren aurkezpena from ADN ERRENTERIA on Vimeo.

Herriaren proiektua

Bestetik, larunbatean aurkeztutakoa ez dela “ez proiektu politikoa ezta udalaren proiektu bat ere” azpimarratu nahi izan du; “herriaren proiektua da, herritarrona”. Eta zentzu honetan, helburu argia izan duela: parte hartu duten eragile eta norbanakoek egindako ekarpen guztien bilduma izatea.

Proiektu hau gauzatu ahal izateko, garrantzia eman nahi izan dio, jadanik finkatuta dagoen Gizarte Zerbitzuen sailari eta hori, aurreko legegintzaldietan egindako lana dela gaineratu du: “eraikita zegoenarekin jarraitu besterik ez dugu egin”.

Gainera, proiektua kritikatu daitekeela eta kritikatua izango dela ere onartu du Mendozak, baina horiek ongi etorriak izango direla: “Gaurtik bertatik proposamen berrietara irekita dago, proiektu berriak gehituko zaizkio, eta daudenak berformulatuko dira, bidea delako garrantzitsuena”.

Bukatzeko, larunbatean Merkatuzarrera gerturatu ziren eragile eta norbanako guztiak, eta bertan egon ez arren, prozesu partehartzailean aktiboki parte hartu duten herritarrei ere eskerrak eman nahi izan dizkie.