Kirolak bere gala izango du ostiralean

2012ko Kirolaren Gala
2012ko Kirolaren Gala

Datorren ostiralean, hilak 13, “Errenteriako Kirolaren Gala”ren edizio berri bat egingo dute Errenteria Hiria Kulturgunean, 20:00etan. Kirol Patronatutik adierazi dutenez, ekitaldiaren asmoa da, Errenterian kirola egitea ahalbidetzen duten pertsona eta erakundeen bilgune izateaz gain, gure kirolarien lana eta lortutako arrakasta ospatzea.

Horrez gain, galak aukera ematen du, Errenteriako klubak espazio komun batean elkartzeko eta beren eskarmentua eta ezagutzak partekatzeko.

Aurtengo Kirolaren Gala honetan, emakumezkoen kirolari omenaldia egin nahi diete. Hori dela eta, oroitzapenezko diploma bana emango diete herriko zenbait entitate eta kirolariri. Gainera, Kukai dantza konpainiak parte hartuko du ekitaldian eta Errenteriako kirolaren une onenak erakutsiko dituen bideo bat ere proiektatuko dute.

Nahi duten herritar guztiek Kirolaren Galara joateko aukera izango dute, baina horretarako, beharrezko izango da gonbidapena jasotzea Udal Kirol Patronatuaren bulegoetan: Galtzarabordako Udal Kiroldegian, 9:00etatik 14:00etara.