Udalak bizikletaren erabilpena sustatuko du

Bizikleta planaErrenteriako Udalak bizikletaren erabilera garraiobide gisa indartzeko plana jarriko du abian, oinezkoen joan-etorriak ere barne hartuko dituena. Hala aurkeztu zuten, Jose Manuel Ferradas Ingurumen zinegotziak, Jon Txasko Garraio zinegotziak eta Ander Irazusta plana egiten ari den Biziker enpresako ordezkariak asteartean.

Ferradasek azaldu zuenez, plan honekin herritarren mugikortasun ohituretan eragin nahi dute eta motorizatutako garraiobideen erabilera murriztu.

Lehenik eta behin, egungo egoeraren diagnostiko bat egingo dutela esan zuen Irazustak: “Errenterian bizikletaren erabileraren eta erabilera horren zergatiak erakutsiko dituen argazkia beharrezkoa zaigu”.  Horretarako, besteak beste, urtarrilean telefono bidezko inkesta bat egingo diete 400 herritarrei.

Emaitza hauekin, herrian bizikletaz ibili ahal izateko sare bat proposatzea izango da helburua, segurtasuna bermatuko duena eta txirrindularientzat erakargarria izango dena. Gainera, oinezkoentzako ibilbide eta neurriak ere prestatuko dituzte.

Txaskok, bere aldetik, plan hau ez dela isolatutako ekintza bat izango adierazi zuen. Izan ere, hor daude, garraio publikoa bultzatzeko Mugi txartela, Eskola bidea edo bidegorrien luzapenak.

Hirian bizikletaz ibiltzen ikasteko ikastaroak doan

Plan honekin batera Udalak bizikletaren erabileraren eta bideetan zirkulatzeko tekniken gaineko doako bi ikastaro eskainiko dizkie herritarrei: larunbatean, hilak 14 lehendabizikoa eta hilaren 28an bigarrena. Hala azaldu zuten, Txita garraio iraunkorreko enpresako Dani Ruiz eta Harri Zuazok aurkezpenean. Eurak izango dira, Euskal Energiaren Erakundearekin (EEE) babesarekin, ikastaroak ematearen arduradunak.

Ikastaroak Xenpelar kaleko Reina aretoan hasiko dira 11:00etan, ordu bat eta erdi eta bi ordu arteko iraupena izango dute, eta, batez ere, ikastaro praktikoa izango dela esan dute.  Helburua da bideetan zirkulatzean segurtasuna eta konfiantza hobetzea, eta bide batez, bizikletaren erabilera baliagarriagoa eta atseginagoa izatea.

Bizikleta erabiltzen gutxieneko esperientzia eta trebetasuna beharko dira eta bertaratzen den bakoitzak bere bizikleta eraman beharko du ikastaroan parte hartu ahal izateko.Gainera, aurretiaz izena eman beharko dute interesdunek 943275585 telefonoan edo info@txita.com helbide elektronikoan, ikastaroa abenduaren 14an edo 28an egin nahi duten zehaztuz.