2014rako Udal Aurrekontuen proposamena aurkeztu du Udal Gobernu Taldeak

Aurrekontu proposamenaren aurkezpena_800x450Udal Gobernu Taldeak 2014ko Udal Aurrekontuen proposamena aurkeztu du dagoeneko. Julen Mendoza alkateak azaldu duenez, oposizioko alderdie bidali diote txostena eta  herritarren aurrean ere aurkeztu zuten atzo, hilak 18, Merkatuzarren. Hala, asmoa  2014ko urtarrileko osoko bilkuran hori onartzea dela ere esan du.

 48.896.000 euroko aurrekontua du Udalak 2014rako, 2013an baino %5,20 gehiago; izan ere,  iaz 46.485.000 erokoa izan baitzen. Egoera honen aurrean bere poztasuna agertu du Mendozak,  bai igoeragatik eta baita  bai dokumentuaren edukiagatik ere: “Uste dugu aurrekontu hori gure herriaren garapen eta eraldaketaren alde positiboa eta jauzi kualitatiboa izango dela. Azken batean, gizarte babeserako politikak mantentzen ditugu, eta, gainera, garrantzizko erronka bat daukagu politika ildo berriak txertatzeko garapen sozio-ekonomikoaren eta enplegua sortzearen alde”.

Aurrekontuen igoerak oinarrian bi arrazoi nagusi dituela argitu du alkateak. Alde batetik, Gipuzkoako Foru Aldundiak garrantzizko diru-ekarpena egin du Lekuonako obrarako, bertan Arte Eszenikoen Zentroa ezar dadin. Bestetik, Udalak amaitu du dagoeneko 2009ko Foru Funtsari zegokion diru kantitea itzultzeaz;  horrek aurreko ekitaldi bakoitzean 1.797.480 euro ordaindu behar izatea suposatu duela adierazi du.

Mendozaren hitzetan, testuinguru horretan, tamaina handiagoko inbertsioak egiteko moduan dira. Hala , Udal Gobernu Taldeak hainbat alor izan ditu kontuan bere prpoposamenean aurrekontuaren banaketa egiteko.

Plan Estrategikoa bera gauzatzeko proiektuak aintzat hartu dituzte, esaterako. Hala, ekonomia sortzaileen alde apustu sendoa egiten jarraituko dutela zehaztu du,  Lekuona lantegiko obrari jarraipena emanez, Euskal Herriko Arte Eszenikoen Zentroa izan dadin. Horretarako, Gipuzkoako Foru Aldundiak  1.200.000 euroko ekarpena egingo duela jakinarazi du eta gastu totala 1.700.000 eurokoa dela. Trajearen Zentroa gauzatzeko Kapitan–Etxea berritzeko partida ere sartu dute aurrekontuetan, Fanderiako Errota egonkortzeko lanak eta baita, Oiartzun ibaiaren ibildua nabigatzeko moduan jartzeko Ondartxoko zubia igotzekoak.

Irisgarritasunari lotuta, Agustinetako auzoan igogailu bat eraikitzea proposatu dute, Fanderia auzoan dagoen igogailuarekin lotzeko.

Gainera, gizarte babeserako gastua mantendu egiongo dutela adierazi Mendozak, ” gizartea kohesionatzeko trakzio-osagarria baita”. Era berean, eta “ahal den neurrian krisiaren eragina arintzearren”, 400.000 eurotik 600.000 eurora igo dute Enplegu Planak indartzeko partida. Eta hezkuntzarako eraikinetarako inbertsioak progresiboki handitu dituztela, 2011an 300.000 euro izan ziren eta 2014an 830.000 euro izango dira euren proposamenaren arabera. Horren haritik, Koldo Mitxelena Ikastetxeko jolastokia estaltzeko obra egitea aurreikusi dute, eskaera bikoitz bati erantzuna emanaz: bata, ikastetxeak berak egindakoa, eta, bestea, herritarrek, oro har, egindakoa, izan ere, ikastetxearen eskola-orduetatik kanpo herritarrek erabiltzeko moduan geratuko bailitzateke.

Goiko Auzoei eragingo dieten lanak ere aipatu ditu. Hala nola, Sarriegi plaza berriz urbanizatzea,  Pablo Sorozabal plazan ludoteka jartzea, Iztietan eta Galtzaraborda komun autogarbitzale bana instalatzea eta Kaputxinoetako igerilekuetako aldagelen obrak egitea 2015eko udara aurretik prest egon daitezen.

Bestalde, Errenteriako merkataritzaren aldeko apustua egingo dutela adierazi du alkateak  eta horren ildotik, Biteri kalea peatonalizatzeko aurreikusitako obrari gehituko zaio Bidasoa kalea berregokitzekoa.

Kirol arlorako proposatu dituzten inbertsioak ere nabarmendu ditu:  Fanderiako Futbol Zelaiko belar artifiziala aldatu eta aldagelak berritzea (270.000 euro), Beraungo Erabilera Anitzeko Pistan zoladura berria  jartzea (35.000 euro), Kiroldegia ebakuatzeko obrak (150.500 euro), eta Fanderiako Pilotalekuko frontisa konpontzea, (35.000 euro).

Bukatzeko, kultura sustatzen jarraituko dutela jakinarazi du alkateak, gizarte eta aniztasunaren garapenerako tresna izateaz gain, ekonomia traktore izan dadin. Eta  bereziki nabarmendu du iraunkortasunaren alde egindako erronka, ingurune osasuntsuagoa eta erakargarriagoa lortzearren.

Halaber, Udal Gobernu Taldeak proposamen honen gaineko herritarren ekarpenak gustu handiz hartuko dituela esan du eta horiek  alkatetza@errenteria.net helbidean jasoko dituztela.

2014ko Udal Aurrekontuaren proposamenari lotutako txostenak ondorengo esteketan aurki daitezke:

2014ko Udal Aurrekontuaren porposamena
2014ko Udal Aurrentuaren proposameraren eranskinak I
2014ko Udal Aurrentuaren proposameraren eranskinak II
2014ko Udal Aurrentuaren proposameraren aurkezpena herritarrei