Errege Kabalgata herriko kaleetan barrena ibiliko da igandean

errege magoakUnai Unsuain Gazteria zinegotziak jakinarazi nahi du, urtero bezala, aurten ere “Errege Kabalgata ederra” izango duela Errenteriak. Era berean, azaldu du, APYMA Telleri IGE, AMPA San José – Hijas de la Cruz IGE, Eureka Dantza Taldea, Jaitoki Furius elkartea, Udaltzaingoa eta Babes Zibileko boluntarioak, Gazteria Sailarekin elkarlanean aritu direla aurtengo kabalgata antolatzen.

Ohiko moduan, Kabalgata 18:00etan irtengo da Tulle kaletik (Pontika), eta Maria de Lezo, Biteri, Segundo Izpizua, Nafarroa Etorbidea eta Zumardia pasata, 19:00etan  iritsiko da Udaletxera. Harrera, ordea, iaz bezalaxe, Merkatuzarren egingo zaie Erregeei. Azaldu dutenez, aurreko urteko esperientzia oso positiboa izan zen eta, ondorioz, harrera bertan egiten jarraitzea erabaki dute.

Kabalgataren hurrenkerari dagokionez, Errenteriako Udal Musika Bandak emango dio hasiera, jarraian jaiotza, baserritarrez jantzitako 20-25 haur eta Musika Eskolako 8 trikitilarirekin batera. Ondoren, Erregeen Postariaren karroza eta, azkenik, Erregeen hiru karrozak joango dira hogeina antortxerorekin. Guztira 150 bat lagunek osatuko dute Kabalgata.

Txikien eta ez hain txikien gozagarri, 510 kilo goxoki eta 7000 txokolatezko txanpon banatuko dituzte, denak ere zeliakoek jateko egokiak. Aurreko urtean bezala, jubilatu taldeetako 3 boluntario izango dira harrera ekitaldiko Erregeak eta euskaraz nahiz gazteleraz mintzatuko dira hurbiltzen zaizkien haur guztiekin..

Azkenik, Gazteria Zinegotziak Errenteriako Udalak Babes Zibileko kideei eskerrak eman nahi dizkie urtero eskaintzen duten laguntzagatik.