“Ali Baba eta 40 lapurrak” antzezlana emango dute Kulturgunean hilaren 31n

Ali Baba eta 40 lapurrakBorobil Teatroak Ali Baba Persiako egur bilatzaile txiroaren istorioa taularatuko du euskaraz urtarrilaren 31n, 18:00etan, Errenteria Hiria Kulturgunean (Niessen). Ikuskizuna 5 urtetik gorako haur eta gurasoentzat zuzenduta dago.

Ali Babaren istorioa kontatzen du antzezlanak.  Egurra biltzen basoan dabilen batean, 40 lapur ikusiko ditu mendian dagoen harkaitz erraldoi baten aurrean gelditzen. Lapurren buruzagiak “ireki zaitez sesamo” esatearekin bat, kobazuloa ireki egingo da eta 40 lapurrek ostutako urre zakuak kobazulo barruan utziko dituzte. Lapurrek alde egindakoan, Ali Babak, “Ireki zaitez sesamo” esan eta txanponez betetako ehundaka zaku ikusiko ditu kobazuloan. Zuhurtziaz jokatu eta gutxi batzuk hartzea erabakiko du.

Abentura, ordea, ez da hor bukatuko, izan ere, Ali Babaren anaiak, Kassimek, sekretua jakingo du eta anaiari ezer esan gabe kobazuloan sartu eta zaku guztiak lapurtzen saiatuko baita. Lapurrek Kassim harrapatu eta Ali Babaren atzetik ibiliko dira.

Sarrerak datorren astean izango dira salgai 3 euroan Kulturguneko leihatilan: astearte eta ostegunean 18:30etik 20:30era, asteazkenean 11:00etatik 13:00etara eta ostiralean bertan ikuskizuna hasi baino ordubete lehenago.