Etxeko hondakinen konpostaje komunitario eta indibidualaren alde lanean darrai Ingurumen departamentuak

konpostagailuaSortutako hondakinen kopurua jaistea da Mendi eta Ingurumena departamentuaren helburuetako bat. Hori dela-eta, datozen egunotan hainbat ekimen jarriko dituzte abian, ehundik gora familia boluntariori zuzenduak, etxebizitzetan sortzen diren hondakin eta materia organikoa konpostatzeko tasak handitzeko asmoz.

Esaterako, laster obrak adjudikatu eta hasiko dira Fanderian, Agustinetan eta Gaztañon konpostaje komunitariorako eremuak sortzeko. Auzo horietan dagoeneko aurre izen-emateak egin dituzte eta Jose Manuel Ferradas Ingurumen zinegotziak adierazi duenez, “Agustinetan baino ez dira plaza huts batzuk geratu”. Area bakoitzean 20 familiak aukera izango dute sukaldeko elikagaien hondakinak konpostatzeko. Gogorarazi nahi izan du, gainera, ekimen honetan parte hartzeko auzo horietako bizilagun izatea derrigorrezkoa dela.

Bestetik, Errenterian lorategia edo baratzea duten etxebizitzetako familia boluntarioekin banakako konpostatze kanpaina ere aurrera eramango dute. Laster eskainiko diete konpostagailua interesa duten pertsonei.

Gainera, proiektu pilotu eta berritzaile gisa, Errenteriako bi ekipamendu publikok bat egingo dute “O hondakin” politikekin: Uztargi haurtzaindegia eta San Marko gotorlekuko udal jatetxea.

Formazio jasotzeko ikastaroa

Modu boluntarioan konpostaje komunitario edo banakakoarekin bat egin duten pertsonek aurki doako ikastaro erraz bat egingo dute konpostatzeaz formazioa jasotzeko. Besteak beste, elikagai, landare eta animalien hondakinak, freskoak zein prestatuak, eraldatzen ikasiko dute, kalitate handiko konpost edo ongarri mineralizatua egin eta lorategi zein baratzeetan erabili ahal izateko.

Materia organiko konpostagarriak zabor poltsaren edukiaren %40-50 osatzen du. Ferradasen hitzetan, “konpostatzea baliabide egokia da egun Sanmarko Mankomunitatearen bitartez Gipuzkoan oraindik martxan dauden hiri hondakin solidoen hiru hondakindegietara eramaten dugun hondakin kopuru eskerga murrizteko: Zarautz, Beasain eta Azpeitia”.