Eskola publikoek euren eskaintza aurkeztu zuten

Eskola publikoaPasa den ostegunean, hilak 23, Errenteriako ikastetxe publikoek euren hezkuntza eskaintza aurkeztu zieten gurasoei.

Gurasoekin izandako solasaldian, Langaitz eta Beraun Berri ikastetxeen bat egitetik datorren ikasturtean sortuko den Bizarain ikastolako, Cristobal de Gamon ikastetxeko eta Koldo Mitxelenako arduradunak izan ziren.

Eurek nabarmendu zutenez, zentro publikoetan, irakasteaz gain, beste balio batzuk azpimarratzeko ahaleginak egiten dituzte, “ikaslea bere bizitzan pertsona osoa egiteko”. Halaber, aniztasunari erantzuna ematen diotela esan zuten: “irakasle, monitore eta familien prestakuntza oso kontuan hartzen dugu, eta, jakina, gizarte aldaketetara egokitzen gara”. Guztira, 263 langile dira, irakasle eta irakasle ez direnak, ikasleen beharrez arduratzen direnak.

Zentroek duten hezkuntza, pedagogia eta antolaketa eskaintzaz ere aritu ziren. Horren harira, aipatu zuten herriko auzo guztiek hurbil dutela zentro publikoren bat, guztiek euskarazko D ereduko eskaintza dutela, eta Udalak berritutako instalazioak eta azpiegitura egokiak dituztela.

Bereziki berrikuntza eta irakaskuntzaren oinarriak azaldu zituzten: teknologia berriak (TIC), ingelesa lau urte dutenetik hasita, bizikidetza positiboa eta berdintasuna sendotzeko proiektuak, hala nola, ingurumenarekiko errespetua indartzea.

Euskarari dagokionez, helburua garbia dela adierazi zuten: “Lortu behar dugu ikaslea bere egunerokoan euskaraz bizi dadila”. Horregatik egiten dute D ereduaren aldeko apostua eta euskara eskolatik kanpo erabil dezaten hainbat topaketa eta irteera antolatzen dute.

Alor ekonomikoari dagokionez, ikastetxe publikoek liburuak maileguan hartzeko sistema bultzatu dutela azaldu zuten, “urtero liburu berriak erostea saihestearren”. Bestalde, beka sistema bat ere badagoela esan zuten, eta gainerako aukerek oso prezio lehiakorrak dituztela: jangela, eskolaz kanpoko ekintzak, etab.