“Maitasunaren ostean, maitasuna” antzezlan berriaren sormen prozesuaren inguruko solasaldiak egingo dituzte herritarrekin

Maitasunaren ostean, maitasunaOtsailaren 23an estrenatuko du Ados Teatroak Maitasunaren ostean, maitasuna antzezlana Errenteriako Kulturgunean. Estreinaldi hori dela-eta, sormen prozesuaren baitan, Udaleko Kultura departamentuak ekitaldi desberdinak antolatu ditu herritarrek prozesu horren nondik-norakoak gertutik ezagutu ditzaten. Ados Teatroaren ekoizpen berri hau, Garbi Losada autore eta zuzendariaren eta Dora Salazar artista plastikoaren arteko elkarlanaren emaitza da.

Herritarrekin egingo duten lehenengo hitzordua, Salazarrekin egingo den solasaldia  izango da. Ostegunean, izango da hori, hilak 6, Kulturguneko Entsegu Gelan, 19:30ean. Obra plastikoa eszenografia moduan nola lantzen duen azalduko du bertan artistak.

Otsailaren 13an berriz, Javier Asin konpositore eta soinu diseinatzailearekin biltzeko aukera izango dute errenteriarrek. Asin antzezlaneko musikaren autorea da eta musika konposizio baten sormen prozesua azalduko du. Kulturguneko Auditorioan izango da solasaldia, 19:30ean.

Biak ala biak gai hauen gainean interesa duten pertsonei eta publiko orokorrari zuzenduta daude. Parte hartzeko, hala ere, izena eman beharko dute interesdunek kultura@errenteria.net helbide elektronikora mezu bat bidaliz edo departamentuko 943 44 96 34 telefono zenbakira deituz.