Musika Bandak Mariasun Landa IV. Sari Literarioen ekitaldian parte hartuko du

Banda
Bandaren emanaldi bat

Errenteriako Musika Kultur Elkarteak (EMKE) eta Berdintasunerako Kontseiluak bat egingo dute Mariasun Landa IV Sari Literarioen ekitaldian. Larunbatean izango da hori, hilak 8, Errenteria Hiria Kulturgunean (Niessen), 12:00etatik aurrera.

Emakumeen Egunarekin bat eginez, elkarlana Musika Bandaren 150. urteurrenaren testuinguruan kokatzen da eta horregatik antolatu dute emakumea ardatz izango duen kontzertua. Hala, kontzertu honetarako, espreski, Margarita Lorenzo de Reizabal bizkaitarra gonbidatu du EMKEk, eskarmentu handia duen zuzendaria. Gainera, berak  konposatutako 10 Postales Americanas obra ere entzuteko aukera izango da. “Laburbilduz, luxua gure herriarentzat maila honetako zuzendari bat bertan zuzen zuzenean ikustea” esan dute EMKEtik.

Bandak 150 urte

150 Urteurrena 1864 – 2014: Herri bat, banda bat lelopean, EMKEk herriko mugak gainditu eta Gipuzkoa osora zabalduko den kontzertu egutegia eskainiko du aurten. Horretarako hainbat kolaborazio izango dute: Musikene Banda Sinfonikoa, Andra Mari Abesbatza, Landarbaso Abesbatza, Kukai Dantza Konpainia, Ereintza Dantza Taldea, Errenteria Musikalek, Donostiako Orfeoia, Parisko Anaiki Abesbatza, Easo Abesbatza…

“Herri osoa urteurren honetako partaide izatea nahi dugu, Musika Bandarena ez ezik, herri osoaren urteurrena baita, edo horrela ulertu nahi izan dugu guk. Herri baten nortasuna bere kulturan datza eta 150 urteurren hau, nortasun eta aipatu kulturaren adierazle bat besterik ez da” adierazi dute.