“Herritmo” hilaren 30ean iritsiko da

Oarso Bidasoako Hitza
Oarso Bidasoako Hitza

Herritmo ikuskizunaren aurkezpena egin zuten atzo Kukai Dantza Konpainiako kideek, Jon Maya koreografoak eta ikuskizunaren produktorea den Harkaiz Martinez de San Vicentek, Irune Balentziaga, kultura zinegotzia eta Landare elkarteko kideekin batera.

Oreka Tx musika taldea, Kukai Dantza Konpainia eta Kalakan hirukotearen bat egitetik sortu den lana da Herritmo. Dantza, musika, kantua eta herri kirolak eszenaratzen dituen ikuskizuna, martxoaren 30ean, Errenteriara iritsiko da, Galtzarabordako udal kiroldegira, 18:30ean.

Sortzaileek taula gainera elementu tradizionalak ekarriz, indarra eta orekaren inguruan hausnartu nahi izan dute, proposamen garaikide bat plazaratuz. Herri-kirolak ikuspegi artistiko batetik landu dituzte, lanbideen mugimenduak koreografia bihurtuz eta baserriko lanabesak soinu tresna modura baliatuz.

Sarrerek 16 euroko prezioa dute eta horietatik euro bat Trintxepeko sutean kaltetutako familiei bideratu zaie, izan ere, emanaldia herriko hainbat eragilek antolatutako hilabete solidarioaren barruan kokatu baitute.

Dagoeneko txartelak salgai daude Errenteria Hiria Kulturgunean (Niessen), Desira tabernan, Landare tabernan eta Xenpelar kulturdendan. Internet bidez ere erosi daitezke www.bibe.me web gunean.