Sagardoak festa giroa ekarriko du larunbatean

Sagardo Egunaren aurkezpena_800x450Larunbatean, hilak 26, ospatuko da Errenterian Sagardo Egunaren XXVI. edizioa. Hala aurkeztu zuten Arramendiko Sagastian, herenegun, antolakuntza lanetan aritu diren hainbat eragilek.

Guztira 36 sagardotegik hartu dute parte eta ohikoa denez, bitan banatuko da eguna. Goiz partean, 12:00etatik aurrera, Gorena markaren sagardoa dastatzeko aukera izango da Foru Plazan. Arratsaldean, berriz, 18:00etatik aurrera, Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko sagardotegien txanda izango da, Gamon Zumardian.

Eguna girotzeko, dultzaineroak eta gaiteroak, txistulariak eta dantzariak, trikitilari eta irrintzilariak eta bertsolariak ibiliko dira herriko kaleetan zehar. Baserritarrak eta talogileak ere ez dira faltako.

Antolatzaileek adierazi zutenez, basoaren prezioa 6 eurokoa izango da. Prezioaren barruan, basoarekin batera, zapia, pintxoa eta Donosti sagardotegian afari baten zozketarako txartela jasoko ditu erosleak.

Omenduak eta sagarrondoak

Aurkezpen ekitaldian Sagardo Eguneko omenduen berri ere eman zuten. Duela gutxi zendutako Koldo Mitxelena, Eibarko Sagardo Eguneko antolaitzaile eta euskaltzalea izango da bata eta Baleio Sagardotegiko Iñigo Isasa bestea. Mitxelenaren anaiak eta Isasak Anton Mendizabal eskultoreak egurrean tailatutako ikurra jaso zuten oroigarri gisa eta sagar-arbola bana landatu zuten iaz sortutako Arramendiko Sagastian.

Hirugarren sagarrondo bat aldatzearen arduraduna Mila Alberro errenteriarra izan zen. Antolatzaileek eskerrak eman nahi izan zizkioten urteetan zehar Sagardo Egunaren alde egindako lanagatik.