Maiatzak 21: Kultur Aniztasunaren Mundu Eguna

Gaurko egunez, maiatzak 21, Kultur Aniztasunaren Mundu Eguna ospatzen delako Errenteriako Udaleko Kultur aniztasuna, garapenerako lankidetza eta giza eskubideen zinegotzigoak igorritako oharra:

2002ko abenduan, Unescok, Hezkuntza, Zientzia eta kulturarako Nazio Batuen Erakundeak maiatzaren 21a Kultura Aniztasunaren Nazioarteko egun bezala aitortu zuen.

Egun hau gure herrian dugun Jatorri eta Kultur Aniztasuna balioan jarri, onartu, aitortu, eta, era inklusiboan kudeatzeko konpromisoarekin jarraitzen dugula adierazteko baliatzen dugu.

Eta bide horretan, Errenteriako Kultur aniztasuna, garapenerako lankidetza eta giza eskubideen zinegotzigotik, honako oinarriak aintzat hartuko dituela adierazten du:

  • Jatorri eta kultur aniztasuna ondare baliotsua da, jendarte bezala aberasten gaitu, eta, ezagutu, aitortu, eta, babestu beharreko zerbait da.

  • Aniztasuna kohesio elementu gisa. Kultur aniztasuna errealitate bat da gure herrietan eta kultura ezberdinen arteko kohesioa bermatu behar da, are, gehiago, kultura eta jatorri aniztasuna kohesio elementu gisa ulertuko da. Honetarako ezinbestekoa izango da dauden kultura ezberdinak aitortzea. Era berean, ezinbesteko izango da, euskal kultura aitortu, eta, hau kohesio elementu gisa bermatzea.

  • Kultur eta jatorri Aniztasuna jendartearen garapenerako oinarrizko elementu gisa. Kultur aniztasunak errealitatearen irakurketan irekiera dakar, eta, edozein alor eraikitzerako garaian ezagutzen partekatzearen bidez jendartearen garapena bermatuko da.

  • Jatorri eta Kultur aniztasuna, giza eskubideen berme gisa. Kultur eta jatorri aniztasuna, betebeharreko eskubide berme bezala ulertu behar da, era honetan, jatorri eta Kultur aniztasuna bermatzea erakundeen betebeharra izango da.

  • Aukera berdintasuna. Herritar ororen arteko aukera berdintasuna bermatuko da, jatorria edo kulturagatik ezberdintasun edo diskriminazio egoerak baztertuz, eta, salatuz.

  • Ezberdin izateko eskubidea.. Norberak bere kultur adierazpenak garatzeko eskubide izango du. Herriko kultura guztiak maila berean jarriko dira, hegemonikoak ez diren kulturak ezagutuak aitortuak eta bermatuak izango direlarik.

  • Jendarteko arlo guztietan kontutan hartuko da kultura eta jatorri aniztasuna. Aurrez aipatutako oinarriak aurrera eraman ahal izateko beharrezko izango da arlo ezberdinetako plan programa eta proiektuetan kultura aniztasuna kontutan hartzea, eta, hau ezagutu aitortu eta bermatzeko mekanismoak jartzea. Aipatutako mekanismoak, herritarren partaidetzan, eta, aukera berdintasunean oinarritutakoak izango dira.

Aldi berean, Donostian ekainaren 6an (larunbata) ospatuko den Kultur Aniztasunaren egunaren baitan gauzatuko diren ekintzetan parte hartzeko gonbita egiten dugu.

Hemen klik eginda programa