Homofobiaren aurkako zebrabidea kolorez berritzeko deia

Bada, Errenterian, ortzadarraren koloreekin margotutako zebrabide bat. Homofobiaren aurkako ikurra da; batetik, transexual, lesbiana, gay eta bisexualen eskubideen aldeko borroka irudikatzen duelako, eta bestetik, memoriaren alde egiten duelako, izan ere, Vicente Vadillo Santamaría “Francis” trabestia omentzen du, duela 36 urte ekainaren 10ean Iztieta auzoko dantzaleku batean polizia batek hil zuena.

Duela urtebete margotu zuten lehenbizikoz zebrabidea baina urtebetean egon diren joan-etorri guztiekin kalteak izan dituenez, berriro ere elkarlanean hura margotuko dute SARETUZ proiektuak,  Iztietako Auzo Elkarteak eta  Euskal Herriko Gay-Les Askapen Mugimenduak (EHGAM), Errenteriako Udalaren laguntzarekin.

Herritar guztiei luzatu diete, era berean, zebrabidea kolorez berritzeko ekimenean parte-hartzeko gonbita, homofobiaren aurka urrats bat eman eta memoria berreskuratzeko saio gisa.

“Francis” hil zuten egunaren bezperan jarri dute hitzordua:

  • Eguna: 2015eko ekainak  9, asteartea
  • Ordua: 23:00
  • Lekua: Iztieta, Nafarroako Hiribidea
Artxiboko irudia.
Artxiboko irudia.