50 proposamenetik gora aurkeztu dituzte dagoeneko Atlantikaldia jaialdirako

atlantikaldia_ekarpenak
Lehengo urtean egin zuten lehen aldiz Atlantikaldia, irudia ordukoa da.

Atlantikaldia jaialdiaren bigarren edizioa prestatzeko, iaz egin bezala, eragileei beren ekarpenak helarazteko deia egin die udalak, egitaraua osatze aldera. Dagoeneko 50 proposamen baino gehiago jaso dituztela azaldu du Laura Landa kultur teknikariak. Dena den, azken epe bat jarri dutela azaldu du, oraindik ekarpenak egiteko asmoa duten horiei begira. Hori dela eta, ekainaren 17ra bitartean aurkeztu ahal izango dira proposamenok. Interesatuek, kultura@errenteria.eus helbidera idatzi behar dute, planteatzen duten kultur jarduera nork antolatzen duen, titulua, deskripzio labur bat, beharrak eta aurrekontua azalduz.

Atlantikaldiaren baitan, irailaren 17tik 20ra, molde eta arlo ugaritako ekitaldiak hartuko dituzte herriko kale, plaza eta bestelako guneak, baina neurri handi batean, ardatz bat izango dute guztiek: Errenteriak iraganean itsasoarekin zuen harremana berreskuratzea.

Jaialdia 2014ko lehen edizioan “Itsasoari Begira” jarri bazen, aurtengoan, bere nortasun eta izaerari eutsiaz, pauso bat haratago doa:

Duela mendeak, gure arrantzaleak Atlantikoa zeharkatuz beste kulturekin elkartzerakoan, bertakoekin elkar ulertu nahian “pidgin” deritzon itsas hizkuntza frankoak sortu zituzten, euskara eta bertako hizkuntzen arteko uztarketan.

Aipatutako “pidginak” oinarri hartuta, aurtengoan jaialdiak “elkarrizketak” jarriko ditu jomugan, Atlantikaldia & Itsas elkarrizketak” 2015eko edizioaren gai magusia izanik.

Ildo horretatik, bada, aurtengo edizioaren ikur bihurtuko den beste elementu berezi bat: paperezko itsasontzia. Ezin da alde batera utzi Errenteriaren historia gogora ekartzean, gure iraganean ontzigintza protagonista izan zuen aro aberatsa. Ontzietan egindako bidaiak, izan ziren gainera, Atlantikoko kulturak lotu zituztenak eta jaialdiak itsasoak banatzen dituen herriak lotzeko asmoa duenez, Errenteriako eta jaialdiko hainbat gune paperezko itsasontziz atondu nahi dituzte antolatzaileek. Horregatik dei egiten diete errenteriarrei plazak, balkoiak, komertzio eta lokalak haiekin apaintzeko.