Errenteriako Udalak diru-laguntzak eskatu ditu EIEPa gauzatzeko proiektuetarako, etorkizunean karbono gutxiko ekonomia izateko asmoz

2015eko maiatzaren 6an, Errenteriako Udalak Energia Iraunkorrerako Ekintza Plana (EIEP) onartu zuen, jasota uzteko udalerriak Alkateen Ituna ekimen europarraren baitan hartutako konpromisoak betetzeko jarraitu beharreko bidea, alegia berotegi-efektuko gasen isuriak 2020rako 2007koak baino %20 gutxiago izatea lortzeko.

Planean 80 neurri zehaztu dira, 8 ildo estrategikotan banatuta: eraginkortasun energetikoa, energia berriztagarriak, mugikortasun iraunkorra, biodibertsitatea edo hondakinak, besteak beste.

Neurri horiekin, 2020rako % 20,16 gutxituko dira berotegi-gasen isuriak, 2007ko datuak erreferentziatzat hartuta.

Mendi eta Ingurumeneko zinegotzi José Manuel Ferradásen arabera, eraginkortasun energetikoa eta energia berriztagarriak lortzeko neurriak gauzatzearren, Udalak diru-laguntza eskatu dio Gipuzkoako Foru Aldundiari proiektu hauetarako:

  1. Beraungo argi publikoak berritzea. Helburua izango da 213 argi LED teknologiako argiekin ordezkatzea. Proiektuaren aurrekontua 120.676,69 € da eta 2015aren amaieran gauzatuko da. Ekintza horri esker, kalkulatzen da CO2 isuriak 17.977 tona gutxituko direla.
  2. Udal-euskaltegiko eta HHEko eraikineko galdara kentzea eta energia berriztagarriko galdara jartzea (biomasa) eta eraikineko energia monitorizatzea. Egungo gasoliozko galdara kendu eta biomasazko galdara bat jarriko da, pelletarekin edo zur-ezpalekin funtzionatzen duena. Aldi berean, eraikineko energia-kontsumoak monitorizatuko dira. Proiektuaren aurrekontua 194.939,91 € da eta 2016ko udan gauzatuko da. Ekintza honi esker, CO2 isuriak 39.823 tona inguru gutxituko dira.

Bestalde, Tokiko Agenda 21 programako ekintzak dira inguruneko zarataren aurkako babesak jartzea eta uraren zikloaren kudeaketa hobetzea.

Horrela, bada, Errenteriako Udalak bi diru-laguntza eskatu dizkio Gipuzkoako Foru Aldundiari Tokiko Agenda 21eko lehentasunezko ekintza hauek gauzatzeko:

1.- Udalak 2005eko zarata-mapa egokituko du egungo araudia betetzeko eta, horrez gain, zarataren inguruko ekintza-plan eta ordenantza berriak prestatuko ditu. Aurreikusten da lanak 2015eko udazkenean hastea eta 9 hilabetean amaitzea. Agiri estrategiko hauek idazteko ezinbestekoa izango da inguruneko zarata jasaten duten pertsonen eta gizarte-eragileen lankidetza; horretarako, bilerak eta parte hartzeko prozesuak jarriko ditugu abian, arreta berezia jarrita eragin handiena jasaten duten auzoetan. Lanetarako aurrekontua da 42.955 €.

2.- Errenterian saneamendu-saretik natura-ingurunera egiten dien isuriak aztertzea. Udalak udalerriko saneamendu- eta drainatze-sarea inbentariatu eta digitalizatuko du. Zeregin horiek bete ondoren, azterlan teorikoak egingo dituzte sareak euri-intentsitate desberdinekin nola erantzuten duen ikusteko. Kontuan izango da mareen eragina ere. Hartara, isurketa-puntuak eta sareko tarte kritikoak zehaztu ahal izango dira. Eskuratutako informazioarekin, Saneamenduko Plan Zuzentzailea idatziko da, sarerako jarduerarik premiazkoenak definitzearren, natura-ingurunerako isurketa-puntu guztiak desagerrarazteko. Sarea inbentariatzeko lanak abian dira eta aurreikusten da 2016rako idatzita egongo dela Plan Zuzentzailea. Lanetarako aurrekontua 79.860 € da.