Gamon Zumardia kultura ezberdinen topaleku bihurtuko du bihar Munduko Arrozak jaialdiak

Bizitzeko espazioak | Kultur aniztasuna | Kultura | Sareak 2015-06-12 | 1

Munduko_arrozakMunduko Arrozak kulturen arteko jaialdia dela eta, herrialde ezberdinetako kulturaz eta gastronomiaz gozatzeko aukera egongo da bihar, hilak 13, Gamon Zumardian.

Oarsoaldeko SOS Arrazakeriak antolatuta, jaialdiak, jatorri ezberdinetako jendea bilduko du eta arroza izango du protagonista, herrialde askotako gastronomietan oinarrizko jakia. Gauzak horrela, euren jatorrizko herrialdeetan egiten den bezala edo beren erara prestatuko dituzte arroz platerak hamar herrialdeetako parte hartzaileek: Kuba, Ghana, Honduras, Nepal, Nikaragua, Nigeria, Palestina, Paraguay, Dominikar Errepublika eta Senegalekoek. Horrez gain, jaialdian esku hartuko duten elkarteak lau izango dira: Aljarafe, Batasuna, Mikelazulo eta Kolore Guztiak.

Musikaz lagunduta, goizeko 11:00etan ekingo diote egitarauari, orduan hasiko baitira arroza prestatzen. Prestaketa saioa trikitiaz alaituko dute 12:00etan eta 12:30etan Kantu Jira ere pasako da bertatik. Hain zuzen ere, epaimahaiak orduan egin beharko du bere lana. Epaimahaiaren ondoren, herritarren txanda iritsiko da, 2 euroren truke nahi adina arroz jateko aukera egongo da. Azkenik, 13:45ean, jakinaraziko du epaimahaiak bere epaia eta jaialdiari amaiera emateko bertso saioa egingo dute 14:00etan.

One Response to Gamon Zumardia kultura ezberdinen topaleku bihurtuko du bihar Munduko Arrozak jaialdiak

  1. Santi Angulo 2015-06-14 at 22:00 #

    EUSKAL HERRIRIK EZ

    SOS Arrazakeriarentzat, behintzat, ez dago Euskal Herririk. Munduan badaude Maroko, Paraguai, Nikaragua… baina Euskal Herririk ez. Horrela irakur daiteke aurten “Munduko arrozak” ekimena iragartzeko erabili duen kartelean. Mingarria iruditzen zait munduko leku askotatik etorri diren pertsonen eskubideen defentsan hainbesteko lana egin duen elkarte horrek euskal herritarrok gure Herrian bertan gure izena, Euskal Herria, erabiltzeko eskubidea kontuan hartu ez izana. Pertsona haientzat “paper ofizialak” erreibindikatzen dituen elkarteak ez du bere paperezko kartelean gure Herriaren izenarentzat txoko bat ere utzi.

    Gure Herriak Estaturik ez izateak ez du esan nahi nazioa ez garenik. Hain zuzen ere, Europatik ez beste kontinenteetatik datozen pertsonei paper ofizialak ukatzen dizkieten Estatu horiexek dira euskal herritarroi Estatu baten “paper ofizialik” izateko eskubidea ukatzen digutenak. Zoritxarrez, Estatu horientzat euskaldunok ez gara existitzen, ez dugu paperetan azaltzeko eskubiderik, ez gara mundu horren parte, azken batez, ez gaituzte aitortu nahi.

    Urte hauetan nonahi eta noiznahi hitz egiten da aniztasunaz. Guk harrotasunez esan behar dugu euskaldunok badugula gure lekua aniztasunaren mundu horretan eta badugula geure paperak izateko eskubidea. Ez dugu ahaztu behar gure Herria ere nazio gisa zapaldua dela eta geure eskubideak ditugula; Hortaz, inolako arrazakeriari ez, inolako bazterketari ez, Euskal Herriari bai.

Utzi erantzuna