Tenis erakustaldiak larunbatean: Gurpil gainean partida batetik, eta garai bateko erraketekin norgehiagoka, bestetik

Larunbatean, hilak 20, tenisaren inguruko bi erakustaldi partida egingo dituzte Beraungo erabilera anitzeko pistan; bata, gurpildun aulkietan egingo den partida izango da, eta bestea, garai bateko erraketak erabiliz burutuko den norgehiagoka. Azken honetan, zehazki 1966. urtean erabiltzen ziren erraketak izango dituzte lanabes. Erakustaldiak, Gipuzkoako Tenisaren Zaleak (ATG) elkarteak eta Ereintza Eskubaloiak antolatuta dituzte, Mindara Elkartearen eta Errenteriako Udal Kirol Patronatuaren laguntzarekin. Partidak, 18:00etatik aurrera jokatuko dira.

 Patxi Fadrique.
Patxi Fadrique.

Gurpildun aulkiaren gainean Eneko Millánek («OPEN EREINTZA» lehiaketaren irabazlea lehenengo bi edizioetan) eta Patxi Fadriquek jokatuko dute. Fandriquek, 2004an izan zuen istripu baten ondorioz bizkar-muineko lesioa izan zuen eta gurpildun aulkian mugitu behar da. Pertsona aktiboa izanik, saskibaloian jokatzeari ekin eta 2005ean gurpildun aulkiaren gaineko saskibaloi taldea sortu zuen Bera Bera klubarekin batera. Ordutik, kirol asko praktikatu ditu atletismoa, mahai tenisa, badmintona, pala… guztietan emaitza onak lortuz.

Teniak harrapatu zuen kirolaria, ordea. Diziplina honetan ere bere ibilbidea emankorra izan da. 2010. urtean hasi zen eta orduan jada, Euskadiko selekzioak deituta autonomietako selekzioen Espainiako txapelketetara bertaratu zen. Emaitza ona lortu zuen (4. postua) Victor García selekzioko kidearekin batera. 2013. urtean, berriz, tenis eta padela ardatz hartuta, bi diziplinetako txapelketa batzuetan lehiatu eta 2014 denboraldiaren amaieran, “Gurpildun Aulkiaren gaineko Padel”en ranking nazionalaren lehenengo postura igo zen.

Padelean jarritako helburua eskuratuta, kirol hori albo batera utzi eta tenisari lotu zitzaion. Puntuak eskuratzen jarraitu zuen eta 2015ean, tenisean buru-belarri arituta, 9. postua lortu du Ranking Nazionalean.

Garaiko erraketakin partida

Millan eta Fadriqueren ondoren, eskarmentu handiko bi jokalarik, Donostiako Oscar Parrondok eta Errenteriako Iván Jiménezek partida bat jokatuko dute duela 50 urte erabiltzen ziren erraketekin. Erakusketa partida izango da eta erabiliko diren erraketak probatu nahi dituzten zale guztien eskura izango dira.

Ikusleak ere erakustaldiaren parte

Horren atzean, bertaratu guztientzat irekita, joko batzuk antolatuko dira: zerbitzua eman eta sake koadroan egongo diren pilota poto batzuk bota beharko dira. Sei zerbitzurekin poto gehien botatzea lortzen duenak irabazi eta opariak izango ditu.

Sarrera doakoa izango da.