Fekat Circus & Slum Drummers: Artea gizartearen eraldaketarako tresna gisa

fekat_slum_drummers2Etiopia eta Kenyako hamabost artisten malabar, dantza, akrobaziaz eta musikaz gozatzeko aukera egongo da Errenterian ostegun eta ostiral honetan, hilak 25 eta 26. Ikuskizunaz aparte, hitzaldi eta tailer bana eskainiko dituzte, gainera.

Fekat Circus, zirko munduko eragile aktiboenetarikoa da Etiopian. Addis Adabako kaleetan hazitako gazteek sortu zuten taldea 2004ean eta zirkoak euren bizitza nola aldatu zien ikusita beste haur batzuekin partekatu nahi izan zuten esperientzia, haurrak bizimodu arriskutsu eta muturreko probreziatik urrundu nahian.

Ikuskizun profesionalak antolatzeaz gain, hamaika ekimen eramaten dituzte aurrera herrialdean arte eszenikoak orfanatoetara, adin txikiko zentroetara… gerturatuz. Haien kontu joango dira gorputz ariketak eta musika, berriz, Kenyako Slum Dummers konpartsak jarriko du. Slum Drummes taldearen jardunak ere, arteak, integraziorako tresna gisa duen balioa jartzen du agerian. Izan ere, proiektu honetan musika da ardatza, komunitate sentimendua eraiki eta auzo pobreetako gazteen bizi kalitatea hobetzeko.

Bi taldeen artean egiten ari diren Fusion 2015 bira berria da Europan, baina bi konpainiek, bakoitzak bere aldetik, bost urte baino gehiago daramatzate Europako jaialdi eta parajeetan barrena.

Hitzorduak:

  • Ekainaren 25ean, arratsaldeko 18:00etan Etiopia Utopia Fundazioarekin batera hitzaldi bat ospatuko dute Xenpelar Etxean. Gero, 20:00etan, Gamon Zumardian perkusio-kontzertu promozional bat eskainiko dute.
  • Ekainaren 26ean 18:00etan bere ikuskizun osoa gozatzeko aukera egongo da Koldo Mitxelena Plazan. Ondoren, 4tik 12 urterainoko haurrentzat tailer ireki bat eskainiko dute.

fekat_slum_drummers