Atlantikaldia: Itsasora gerturatzen gaituena

Atlantikaldia1Errenteriak Atlantikaldia musika eta kultura jaialdiaren II. edizioa ospatuko du irailaren 17tik 20ra. Gaur aurkeztu dute hitzordua, Panierreko zubian egindako prentsaurrekoan eta bertan, aurtengo edizioaren nondik norakoak azaldu dituzte.

Edizio honetan jaialdiak bere nortasuna sustraitzen eta garatzen jarraitzeko asmoa du eta hortaz, bigarrenez, Atlantikoko herrien musika eta kultura topagune bihurtuko da udalerria. Helburu hori erdiesteko, berriz, eskaintza zabala prestatu dute; dizipina ezberdinak uztartuz eta gustu guztientzat pentsatuta.

Julen Mendoza alkateak azaldu duenez eta jaialdiaren filosofiari jarraituz, bi ideien bueltan egituratu dute dena: memoria historikoa berreskuratzea batetik; eta beste herriekin kultur harremanak sustatzea, bestetik. Errenteria itsasoratu eta beste herriekin lotzea da asmoa eta horregatik, Oiartzun ibaia izango da jaialdiaren ardatza. Nabigazioan, berriz, bi itsas elementuren laguntza izango du jaialdiak: ITSAS ELKARRIZKETAK eta PAPEREZKO ITSASONTZIAK.

IMG_9849Izan ere, ITSAS ELKARRIZKETAK dira Atlantikaldiaren aurtengo gaia. Gai honen estalpean, arrantzaleek beste herriekin komunikatzeko eta harremanak sortzeko erabiltzen zituzten hizkuntza bereziei erreparatuko diete eta euskal balezaleek erabilitako pidgin izeneko lingua franca-k jarri dituzte adibidetzat. Esparru zabalgo batean, herrien arteko harremanak, elkartrukea… ere landuko dituztela nabarmendu du Laura Landa Atlantikaldiaren zuzendariak. Horrez gain, aipatu bezala, jaialdiak, beste elementu nagusi bat ere izango du: PAPEREZKO ITSASONTZIA. Landak adierazi duenez, ekimen horretara batu dira ikasleak, ostalariak eta saltokiak eta modu horretan, Errenteriako bi sinbolo uztartuko dituzte: “Oiartzun ibaia eta papelera”.

Jaialdia gorpuzten, berriz, herri partaidetza izan da motorra. Hala, onartu dute bai Udaleko ordezkariek eta baita herriko eragileen izenean hitza hartu duten Aicha Zirak Errenteriako Urratsa elkarteko lehendakariak eta Lourdes Uranga Ereintza kultur elkarteko presidenteak. Kulturaren balioa nabamendu dute biek ala biek, herritarrak saretzeko eta, ildo horretatik, Atlantikaldia herriaren izaera propio eta anitzaren erakuslehio bihurtu dela nabarmendu dute. Eragileen parte-hartze horren erakusle dira antolatzaileek jaso dituzten 100 proposamenak. Bai Mendoza alkatea eta baita Landa Atlantikaldiaren zuzendaria, biak, oso eskertuta agertu dira parte-hartze horrekin eta lau egunetan ekintza horiek guztiak aurrera eramatea ezinezkoa izango den arren, herri ekimenek janzten dutela jaialdiaren nortasuna azpimarratu dute.

Atlantikaldia3
Bitartean musika taldea ere arituko da Atlantikaldian, gaurko aurkezpenean ere presente egon dira musika argentinarra eta euskal musika uztartzen dituzten euren doinuak.

Musika emanaldiak

Filosofia eta nortasunaz gain, bada, hitzordu honek bere ADN-an txertatuta duen beste ezaugarri bat: musika emanaldiak. Haien inguruan aurrerapen txiki bat ere egin dute gaurko aurkezpenean. Ildo horretatik, Atlantikoko txoko ezberdinetatik etorritako musikarien folk eta rock doinuek, doinu tradizionalek… Errenteria hartuko dute belarri guztien gozamenerako. Oholtza gainera igoko direnen artean daude, Kalakan (Euskal Herria), Gwana Diffusion (Algeria), La Gallera Social Club (Venezuela) , Dobet Gnahore (Boli kosta), Värttinä (Finlandia) edota Carlos Nuñez (Galizia).

Emanaldi horiek guztiak doakoak izango dira, Atlantikaldiaren baitan antolatzen diren gainontzeko ekintzak bezala.