Esklerosi anizkoitzaren aldeko “Busti zaitez” kanpaina Errenterian

Datorren igandean, uztailak 12, “Eugenia Epalza Fundazioa” Esklerosi Anizkoitzaren Euskal Fundazioak antolatuta, “Busti Zaitez- Mójate por la Esclerosis Múltiple” kanpainaren 18. edizioa egingo da, Euskadiko 80 igerileku eta hondartzatan. Horietako bat izango da, beste behin, Fanderiako Udal Igerilekua.

busti zaitez

Antolatzaileen esanetan, kanpaina ekintza solidarioa da eta asmoa jendeak gaixotasun hau pairatzen duten pertsonen alde igeri egitea da. “Bustitzen” diren pertsona guztiek egiaztagiria jasoko dute eta eguna bukatzean, herri guztietan igeri egindako metro guztiak batuko dituzte.

Antolakuntzak, gainera, stand bat jarriko du Fanderiako instalazioetan gaixotasunari buruzko informazioa eman eta Kukuxumusuk kanpainako produktuak kanpainarako sortutakoak saltzeko: kamisetak, txanoak, motxilak, zapiak…

Kanpainaren helburu nagusia, batez ere, 18 eta 35 urte bitarteko gazteei eragiten dien gaixotasun neurologiko honek sortzen dituen arazoei buruz gizartea sentsibilizatzea eta informatzea da.

Eugenia Epalza Fundazioa

“Eugenia Epalza Fundazioa” Esklerosi Anizkoitzaren Euskal Fundazioa dirua irabaztea xede ez duen entitatea da eta Onura Publikorako izendatua dago. Esklerosi anizkuna duten pertsonen bizi kalitatea hobetzeko lanean dihardu.

Helburu horrekin, errehabilitazio integralerako eta bestelako gaixotasun neurologikoetarako zerbitzuak eskaintzen ditu. Kanpaina ugari antolatzen ditu gizartea sentsibilizatu eta dirua lortzeko, horiek beharrezkoak baitira eskaintzen diren errehabilitazio zerbitzuak finantzatzeko.