Lousadatik etorritako 39 gazteri harrera egin diete gaur udaletxean

Lousadako gazteak eta euren monitoreak udalbatzeko kideekin batera.
Lousadako gazteak eta euren monitoreak udalbatzeko kideekin batera.

Errenteriarekin senidetuta dagoen Lousadako (Portugal) 39 gazteri harrera ofiziala egin diete gaur goizean udaletxeko Areto Nagusian udalbatzako ordezkariek. Gazteak Belabaratzen daude udako kanpamenduaz gozatzen atzotik, hilak 13, eta datorren igandean, hilak 19, egingo dute etxera bueltako bidaia.

Itziar Ostolaza Gazteria zinegotziak esker ona azaldu die gazteei Errenteriara gerturatzeagatik. Kontatu duenez, bera ere egondakoa da gisa honetako elkartruke batean eta Joseba Sarrionandiaren aipu bat erabili du esperientzia zeinen aberasgarria izan daitekeen erakusteko: “Eta inoiz itzuliko balira ere, iadanik,/ ez dira joan zirenak izango». Etxera, motxila bete bizipenekin itzul daitekeenez bisitaria.

Julen Mendoza alkatea ere harreran izan da eta hark ere ongi etorria eman die gazteei; hemengoa ezagutzeko gonbita egin die batetik, eta eurak ezagutzera emateko deia ere egin die, bestetik. Bukaeran, zinegotziek, oroigarri txiki bat banatu diete guztiei. Behin saioa amaituta, Udaleko hainbat ordezkari eta gazteak elkarrekin joan dira bazkaltzera.