Iztieta-Ondartxoko prozesu parte-hartzailearen aurkezpena egingo dute igande honetan

Bizitzeko espazioak | Iztieta | Ongizatea | Sareak 2015-07-16 | 0

iztieta_ondartxo_aurkezpena_3Igande honetan, hilak 19, 18:30ean Iztieta-Ondartxoko auzoaren inguruko prozesu parte hartzailearen aurkezpena egingo dute Oinezkoen Zubiaren ondoan. Horretarako, azalpenez gain, merienda bat eta ekintza bat ere antolatu dituzte, hitzordua jarritako zubiaren azpian dagoen gunea koloretako orriz apainduko dutenez.

Aurreko urtean Udaletik abiatu zen diagnosi prozesuaren bidetik dator aurkezpen hau eta orain arte hauteman diren erronka eta eraldaketarako lehentasunak jakinaraziko dituzte. Diagnosia elkarteekin, eragileekin eta merkatariekin egindako bilera batzuei esker egin zen, eta bertan, auzoko hainbat eremu hobetzea eta auzoko elkarbizitza sustatzeko hainbat ekintza egitea aurreikusi dute.

Diagnosi horren ondotik, bizilagun, elkarte, merkatari eta eragileekin batera aurrera eramango den prozesu parte hartzaileari ekingo diote udazkenean, eta prozesu horren berri ere emango dute igande honetan. Udaleko Kultur aniztasuneko, garapenerako lankidetzako eta giza eskubideetako sailetik nabarmendu dutenez, auzotarrek, elkarteek, eragileek eta merkatariek aukera izango dute prozesuaren baitan auzoa hobetzeko agente izateko.

Igande honetarako gonbitea ere, orain arte eginiko diagnosian parte-hartu duten elkarteek eta eragileek gauzatu dute, auzoko komertsio zein etxebizitzetako portaletan deialdirako kartelak ipiniz. Horrez gain, dei egin dute antolatzaileek auzoko etxeetako buzoi nahiz komertzioetan utzitako koloretako orriak hartu eta ekitaldiaren egunean ekartzeko, gero, oinezko zubiaren azpiko gunea denek elkarrekin koloreztatzeko.

Bestalde, ekintza girotzeko musikaren laguntza ere izango dutela nabarmendu dute sustatzaileek.

 

No comments yet.

Utzi erantzuna