Erraketisten omenez

“Agustina Otaola, Raketista Profesionala” izena hartuko du hemendik aurrera Fanderia auzoko pilotalekuak. Atzo, hilak 23, emakume erraketista guztiei omenaldi ekitaldi bat egin zieten, bertan jokatu ziren pilota partiduen artean.

0825-agustina_pilota

Hamabost urterekin profesional bihurtu eta 41 urte bete zituen arte aritu zen Agustina Otaola errenteriarra kirolari profesional moduan jokatzen munduko hainbat txokotan: Madril, Bartzelonan edota Kuban, esaterako. Ibilbide hori omenduz Fanderia auzoko pilotalekuari bere izena jarri dio Udalak, talde politiko guztien adostasunarekin: “Agustina Otaola, Raketista Profesionala”. Atzo, bi pilota partidu jokatu ziren bertan eta bien artean, omenaldi sentitua egin zitzaien emakume erraketistei.

Otaolak, modu horretan, beste zazpi erraketista izan zituen bere alboan. Mugimendua itzaliz joan bazen ere, eta euren historia ahaztuz, garrantzitsua izan zen emakume erraketisten presentzia frontoian. Hala, Ainhoa Palomo Zabalak aurtengo Oarso aldizkarian datorren “Agustina erraketista, bizitza frontoiari emana” artikuluan aipatzen dituen estatistiken arabera, 1943an 1432 pilotari profesionaletik 734 erraketista ziren; erdiak baino gehiago emakumeak. Honakoa izango da, ordea, emakume izena daraman lehen frontoia: “Agustina Otaola, Raketista Profesionala”.

  • Pilota partiduak: Emaitzak

Frontoian jokatu ziren bi partiduen baitan, markagiluan aldeak txikiak izan ziren. Hala, lehenengo partiduan, Artola eta Aretxabaleta 22-19 gailendu zitzaien Elezkano II eta Zabalari. Bigarren partiduan ere, Olaizola II eta Untoriak alde txikiagatik lortu zuten Bengoetxea VI eta Albisuren gaineko garaipena, 22-20.

  • Argazki galeria