“Comète” sarearen XVI. ibilaldia Euskal Herrian barrena

Irailaren 12an eta 13an Urdaburu Mendizale Elkarteak oroitzapen ibilaldi bat antolatu du Comete Sarearen lagunekin, II. Mundu Gerran “mugalariek” eta aliatuen abioi-gidariek erabilitako bidea egiteko; Ziburutik Errenteriara Bidasoa Ibaia gurutzatuz.

comete
2013ko ibilaldian, Bidasoa zeharkatzen.

Larunbatean Errenteriatik Sokoarantz abiatuko da autobusa 8:15ean. Parte-hartzaileak Sokoa-Ziburuko hilerrian elkartu eta lore-eskaintza egingo da Kattalin Agirre eta Florentino Goikoetxearen hilobietan. Jarraian Ziburuko udalak gosaria eskainiko die ibiltariei. Ibilaldiari 10:30ean emango diote hasiera, Urruñarantz abiatuz. Iritsitakoan, 12:00etan ekitaldia izango da Urruñako hildakoen monumentuaren aurrean.

Ondoren, Bidegain-Berri baserrirantz abiatuko dira. Bertan atxilotu zituzten Frantxia Usandizaga, Dedée de Jongh eta Juan Larburu. Segidan Bidasoarako bidea hartuko dute eta Kalbarioko tontorrera iristean bakoitzak etxetik eramandako otordua jango dute. Handik, adineko ibiltariak autobusez eramango dituzte San Migelera. Han Bidasoa gurutzatu eta sardina jatea egingo dute. 18:00etan adinekoak Donibane Lohitzunera itzuliko dira eta ibiltariak, Errenteriara.

Igandean, Errenteriako Zumarditik abiatuko da autobusa. Ordu berean Donibane Lohitzuneko autobusen geltokitik abiatuko dira bertan gaua igaro dutenak. 8:00etan, ibiltariak Bidasoatik irten eta Oiartzungo Sarobe baserri aldera abiatuko dira mendiz, bertara iristen baitziren Bidasoa gurutzatzen zuten pilotuak. Baserrian bertan elkarretaratze eta atseden txiki bat egingo dute 13:00etan. 15:00etan bazkaria izan go da parte-hartzaile guztientzat Errenteriako Beraun Berri Elkartean (Beraun, 29.zenbakia). Tokia mugatua dela adierazi dute antolatzaileek, beraz, bazkaltzeko lehenagotik eman behar da izena.

Antolatzaileek adierazi dutenez, izena egun bakarrerako edo bi egunetarako eman daiteke. Larunbateko ibilaldiak 15 euroko prezioa du eta hamaiketakoa, sardina jatea eta autobusez itzulera barne hartzen ditu. Igandeko aukerak, gosaria, bazkaria eta autobusez itzulera barne, 35 euroko prezioa du eta bi egunetako ibilbide oso egin nahi dutenek, 50 euroren truke egin ahal izango dute.

Interesdunek Urdaburu Elkarteak Juan de Olazabal kaleko 23. zenbakian duen egoitzara jo beharko dute izena ematera astearte edo ostegunean 19:00etatik 21:30era edo 943 527879 telefono zenbakira deitu, ordutegi berean.