Martxan Kapitain Etxearen berritze lanak, jantzien gune bihurtzeko

kapitain_etxeaHasi dira Kapitain Etxean espazioa egokitu eta haren irisgarritasuna hobetzeko lanak. Gauzak horrela, XVII. mendeko eraikin historikoan hainbat jardun burutuko dira; horien artean, eskailera berria jarriko diote, igogailua ipini ahal izateko eta modu horretan, eraikinaren irisgarritasuna hobetzeko. Horrez gain, eraikina guztiz isolatzeko lanak ere egingo dituzte. Lan horien ondoren, jantzien egoitza hartuko du Kapitain Etxeak bere baitan.

Udaleko Bulego Teknikotik jakinarazi dutenez, “Eraikuntza Birgaikuntza Artapena (EBA) S.L” enpresa izango da obra aurrera eramango duena. Abuztuaren 3an ekin zietela lanei eta 18 astez luzatuko direla ere azaldu dute.

Jantzi tradizionalaren erakusle

Iraultza Dantza Taldearen bilduma hartuko dute, modu horretan, Kapitain Etxeko instalazioek. Elkartea euskal dantzen inguruan sortu zen duela 30 urte baino gehiago, dantzak ikasi eta zabaltzeko. Urteen poderioz funtzio gehiago ere hartu ditu, ordea, eta etnografiari lotutako ibilbide interesgarria egin du, batez ere, euskal jantziei lotua. XVI. mendetik hona Euskal Herrian erabili izan diren jantzi gehientsuenen kopia eginda dauka eta ikerkuntza arloan egindako lanak zabaltzen dituzte antolatzen dituzten erakusketetan eta hitzaldietan.

Kapitain Etxe Barrokoa

Kapitain Etxea izenez ezagutzen dugun eraikuntzak herriko historiako lehenengo urteetan du jatorria. Martin de Renteria y Uranzuk ematen dio izena, XV. mendearen azkeneko herenean jaio zen bera eta “Errenteriako kapitaina” izenez izan zen ezagutua.

Gaur egun, eraikinaren eskuinaldean etxebizitzak daude eta ezkerraldean kultur zerbitzuak eskaintzeko espazioa dago.