Produktu ekologikoen erakusleiho, eta ekoizle eta kontsumitzaileen topaleku

Errenteriako Nekazaritza Ekologikoaren Azokaren  I. edizioa egingo da irailaren 12an, Biolurrek antolatuta eta Behemendi Elkartearen eta Errenteriko Udalaren laguntzarekin. Gauzak horrela, Euskal Herri puntu ezberdinetako produktu ekologikoak eskuratzeko aukera izango dute goizeko 10:00etatik arratsaldeko 15:00etara Gamon Zumardira gerturatzen direnek.

udako_azoka_ekologikoak

Udararen azken zatia oparoa izan ohi da baratzetan, uztari dagokionez. Oparotasun horren erakusle izango da aurten lehenengo aldiz antolatu duten Nekazaritza Ekologikoaren Azoka. Erakusmahaietan, ordea, produktu ugari aurkituko ditu bisitariak, eta  barazkiez gain, ogia, gaztak, eztia, senda belarrak, pintxo biologikoak, germinatuak, txerrikiak, ardoa, oihal naturalak eta beste produktu batzuk ere egongo dira salgai. Guztiek izango dute berezitasun bat: modu ekologikoa ekoitzitakoak izango dira, hau da, gizakien osasuna eta ingurumena zainduz, modu iraunkor eta eutsigarrian.

Erakusleiho ez ezik, topaleku

Azoka honek badu gainera, topaleku izaera , antolatzaileen esanak kontuan hartzen baditugu. Izan ere, horrelako ekimenek ekoizleen eta kontsumitzaileen arteko harreman zuzena ahalbidetzen dutela nabarmentzen dute eta hori bientzat abantaila dela azpimarratu. Kontsumitzaileentzat onuragarria da, galderak egin eta zalantzak argitzeko aukera ematen duelako (noiz, non edo nola ekoitzi den, esaterako) eta nekazarientzat, euren lanaren errekonozimendu  sozial eta ekonomikoa jasotzen dutelako.