“Adin adin”: Bertsoa, adinekoen egoitzetara hurbiltzen duen proiektua

“Adin adin” bertso saio bereziak, plaza bihurtuko du Errenteriako Jesusen Bihotza zahar-etxea urriaren 7an. Bi bertsolarik bertan bizi diren egoiliarrei abestuko diete egun horretan, gaztea bata eta nagusiagoa bestea, belaunaldien artean zubiak eraikitzeko asmoz. Proiektua, Lankuk sortu du Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, eta Jesusen Bihotza egoitzak Gipuzkoako beste 10 adineko egoitzarekin batera hartuko du parte bertan.

lanku_adin_adin
Lehengo urtean Tolosan eskaini zuten saioran momentu bat, Bertsoa.eus atariak grabatu zuen.

 

Emanaldi hauen baitan, bertso munduan ohikoak diren helburuak daude; errimez gozatu eta tarte atsegin bat pasatzea, esaterako. Badira, ordea, adinari lotutako beste helburu berezi batzuk ere, horien artean daude, umorea eta oroimena lantzea edota barneko emozioei espazioa eskaintzea.

Egoitzan, bisitaren aurretik hasiko direla bertsoen ingurukoak jorratzen adierazi dute arduradunek, bertsolarien egonaldia prestatzeko. Ondoren, urriaren 7an 17:30etatik aurrera, bertso eta kontu, ordu eta erdi inguruko topaketa egingo dute Alaia Martinekin eta oraindik baieztatu gabe dagoen beste bertsolari batekin.

2014ean ekindakoari jarraipena emanez

Lehengo urtean ekin zioten proiektu honi eta orduan parte hartu zuten lau zahar-etxeetan izandako harrera ona ikusita eta esperientziak helburuak bete dituela kontuan hartuta, bai Lankuk eta bai Gipuzkoako Foru Aldundiak proiektuarekin jarraitzea erabaki dute. Aurten lehengo aldiz parte hartuko duen Errenteriako Jesusen Bihotzaz gain, beste hamar adineko egoitzetan eskainiko dituzte bertso saio berezi hauek: Tolosan, Iurramendi eta Uzturren; Arrasaten, Iturbiden; Bergaran Mizpirualden; Azpeitian, San Martinen; Azkoitian, San Josen; Oiartzunen Petra Lekuonan; Beasainen Arangoitin; Lazkaon, Txindokin eta Donostiako Zorroagan.