Zine-banda itzuliko da bihar Atlantikaldiaren eskutik

Bandaren emanaldia
Bandaren emanaldia

Errenteriako Musika Kultur Elkarteak (EMKE), Atlantikaldia jaialdiaren egitarauan barne txertatutako Kantauri Itsasotik Atlantikora zine-banda ikuskizunaren bitartez, denboraldiko bigarren zatiari ekingo dio bihar, hilak 12. Musika eta zinea uztartuko dituen emanaldia, datozen Irailak 17 – 20 bitartean Errenterian ospatuko den Atlantikaldia jaialdiaren atari izango da.

Kantauri Itsasotik Atlantikora izenburupean, Musika Bandak Atlantikoan zehar  musika-bidaia proposatuko du gure arrantzaleen bizimodura hurbilduko gaituen Carlos de los Llanosek 1957an zuzendutako Gente de Mar dokumentalaren bidez. Honen ostean, Donostiako Estropadak 1945-1976rekin atzera begirakoa eskainiko dute eta Atlantikoaren Haserrea irudi sortarekin, Atlantikoaren alde zakarrena azalduko dute. Amaitzeko aurtengo Atlantikaldian parte hartuko duten herriei bisita laburra egingo diete.

Jesus Guridi, Rossini edo Melvin Shelton bezalako maisuen konposizioak eskainiko dituzte. Kontzertua Carlos Rodriguez Albisturrek zuzenduko du eta Julen Nieto musikariak egindako bideo eta argazki muntaia izango du oinarri.

Emanaldi honekin, EMKEk, joan den urtean abiatutako zine-banda proposamen eszeniko arrakastatsuari eutsiko dio ostera, eta eskerrak eman nahi dizkio emankizunaren antolaketa ahalbidetu duten Atlantikaldiako antolaketa taldeari eta Euskadiko Filmategiari bereziki.

Ez ahaztu, musika zaletu ororen hitzordua: larunbatean, hilak 12, 22:00etan, Koldo Mitxelena ikastetxeko estalpean.