Etxeko langile inmigranteen egoerari buruzko eztabaidarako topagunea Koldo Mitxelenan

sos_arrazakeria_emakume_inmigratzailea_eusLarunbatean amaituko dira Sos Arrazakeriak eta Errenteriako udalak elkarlanean antolaturiko “Emakume inmigranteak eta etxeko lana” jardunaldiak. Hilaren 18 eta 24an izandako zine zikloaren ostean dator larunbateko eztabaidarako topagunea. Asistentzia irekia izango da eta antolatzaileek bertaratzeko deia zabaldu dute.

10:00etatik 14:00etara luzatuko da jardunaldia Koldo Mitxelena ikastetxean. Bi ataletan banatua egongo da. Lehenengoan, bi ponentzia aurkeztuko dira, Emakundek argitaratutako “La discriminación múltiple de las mujeres inmigrantes trabajadoras en servicios domésticos y de cuidado en la CA de Euskadi”, zeina Julia Noguierak aurkeztuko duen. Eta “Fronteras difusas, víctimas invisibles: La trata de personas para la explotación laboral en el sector doméstico en España”, Laura Sales Gutierrezek aurkeztua.

Bigarren partean, berriz, bi lan talde osatuko dira, bata lan sindikala eta lan egoerari buruz; eta bestea genero ikuspegia eta politika instituzionalen inguruan. Helburua gaiaren inguruan hausnartu eta irtenbide posibleak definitzen joatea da. Behin taldean eztabaidatu ondoren, ideiak komunean jarri eta eztabaida irekia egingo da.