Oiartzun ibaiaren Paisaiaren Ekintza Plana herritarrei aurkeztuko die Udalak asteazkenean

prentsaurrekoa_Oiartzun_ibaiaErrenteriako Udalak Ekogarapen enpresarekin elkarlanean Oiartzun ibaiaren inguruneko Paisaiarekin ekintza plana gauzatu du. Plan honek, zeinak plan estrategikoa oinarritzat duen, 12 ekintza eta 47 proposamen biltzen ditu. Horien denen zehaztapenean, eragile ezberdinek parte hartu dute. Hala nola, kirol elkarteek, talde ekologistek edota bizilagun elkarteek. Bernar Lemos hirigintza eta hiri mantenuko zinegotziaren arabera, horrek balio behigarri bat ematen dio planari. Lemos bera, Jose Cruz Legorburu ingurumen zinegotzia eta Ekogarapen enpresako kide diren Javir Belza eta Estela Beteta izan dira plana aurkeztu dutenak.

Legorburuk adierazi du degradazio handiko garaien ostean, Oiartzun ibaia ingurumen kalitate eremua dela. Eta garai bateko estuarioa berreskuratzea ezinezkoa bada ere, hobetu daitekeela. Bide honetan, landu duten planak lau helburu nagusi ditu. Alde batetik, Oiartzun ibaiaren inguruneko paisaia babestea eta honi balioa ematea. Bestetik, eremuaren kudeaketa eraginkor bat egitea, paisaiaren kalitatea areagotuz. Hirugarrenik, bizi kalitatea hobetzea eta parte-hartze aktiboa sustatzea. Eta azkenik, administrazio publiko ezberdinen jarduerak koordinatzea.

Ekintza planak Errenteria eta Oiartzunen arteko mugan hasi eta Kaputxinoetaraino doan ibaiaren zatia hartu du kontuan. Belzaren arabera, zeina plana idaztearen arduradunetako bat izan den, biltzen diren proposamen guztiak bideragarriak dira.

Gaurko aurkezpenean Lemosek planean ageri diren hainbat garapen ekintza azaldu ditu. Saneamendu-sarea osatzea eta isuri kutsagarriak saihestea; erreka eta Kaputxinoetako tunelaren eta behatoki panoramikoen arteko lotura peatonal bat; errekaren nabigagarritasuna berreskuratzea; edota uretako jardueren udal zentroa berraktibatzea dira, besteak beste, horietako batzuk.

Urriaren 7an, asteazkena, 19:00etan Reyna Aretoan egingo den batzar irekian herritarren aurrean azalduko dute ekintza plana. Udalak bertaratzeko deia luzatu dio Errenteriako herritar orori.