Euskara Plus egitasmoa martxan da Oarsoaldean

header-euskara-plusEuskarak lan merkatuan duen presentzia areagotzea eta lan munduan euskaraz komunikatzeko gaitasuna areagotzea ditu helburutzat Euskara Plus egitasmoak. Banaiz Bagara elkarteak jarri du abian Oarsoaldean, Oarsoaldea Garapen Agentziak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak lagunduta. Izena emateko epea urriaren 9ra arte egongo da zabalik.

Pasa den maiatzean Errenterian egin zen matrikulazio kanpaina eta ekaina eta uztailean lau talde aritu ziren euskara lantzen. Oraingo honetan, berriz, Lezon eta Pasaian egin beharko da matrikula. Lan ingurunean euskara erabiltzera ohituta ez daudenei zuzendutako egitasmoa da, arrazoi ezberdinak medio euskara erabili ohi ez dutenei.

Bi xede bete nahi ditu martxan jarritako egitasmo honek. Batetik, langileen eta lan bila ari direnen komunikazio gaitasunak hobetzea. Eta bestetik, enplegatzaile euskaldunei euskara erabiltzeko gaitasuna baita kontzientzia izango duten langileak eskaintzea.

Lau dira egitasmo honek dituen atalak. Ikastaroak, enplegatzaileentzako datu basea, parte-hartzaileen jarraipena eta sare bat osatzea.

Ikastaro trinkoak

Ikastaroei dagokienez, hogei orduko iraupeneko ikastaro trinkoak izango dira, langile zein langabeei zuzendutakoak. Hauetan oinarrizko hiztegia lantzeaz gain, egoera errealen simulazioak landuko dira. Azken batean, kontzientziazio bultzatuko da, euskararekiko jarrera posiboa. Eta euskara ez dakitenen kasuan, euskara ikastera motibatzea izango da helburua.

Gainontzeko atalak

Enplegatzaileek ere egitasmoan parte har dezakete. Eta euskara kontuan hartzen duten enplegatzaileen datu-base bat sortuko da. Halaber, jarraipen tailerra egingo da parte-hartzaileekin, curriculuma prestatu eta eguneratu, lana bilatzen lagundu…

Era berean, Banaiz Bagara elkarteak sare bat osatu nahi du ikastaroetako parte-hartzaileekin. Izena emateko epea honako telefono zenbakietara deituta egin daiteke:

  • Pasaia: 943 004 330 (Antton/Martxel)
  • Lezo: 943 513 476 (Joxemari/Elena)