Konpost helduaren lehen “uzta” iritsi da auzo-konposteko guneetatik

Dagoeneko urtebete baino gehiago pasa da 2014 maiatzean auzo-konposteko udal-programa martxan jarri zenetik. Ekimenean parte hartu zuten lehen auzoak Fanderia, Agustinak eta Gaztaño izan ziren. Nahiz eta aurrerago Alabergako familiak, Uztargi udal haurtzaindegia eta Sanmarko Gotorlekuko jatetxea gehitu ziren.

Ekimen hau abian jarri zenetik lehen hiru puntu horietako konpost-ontzietako konpost umotua, konpost heldua, aterako da lehen aldiz. Halere, Udaleko ingurumen sailak aipatu du lehendik ere laginak hartu dituztela konpost umotuaren kalitate fisiko-kimikoa ezagutzeko eta Zizurkilgo Fraisoro laborategi publikoan analisiak egiteko.

Hondakinen murrizketa

Programa honetan boluntarioki parte hartzen duten familiek janari-hondarrak ez dituzte bestelako hondakinekin nahasten, eta modu honetan, %40 murrizten dute zakar poltsa, beraz, %40 gutxiago erabiltzen dute hondakinak biltzeko udal zerbitzua. Zabor kopuru hori ez dute zabortegietara bidaltzen, eta horrela “ingurumena eta osasun publikoa zaintzen” saiatzen direla gogorarazi du ingurumen sailak. Gainera, sail honen esanetan, etxean sortutako hondakin organikoekin, eraldaketa prozesu natural baten ondoren, “kalitate handiko” ongarria eskuratzen da, ondoren lorategi, baratze edo basoetan erabiltzeko modukoa.

Emaitzok ohituretan “aldaketa txiki” bat eginda lortu direla uste du ingurumen sailak. Eta bide berean jarraitzeko asmoz, sistema hau beste auzo batzuetara zabaltzeko planteamenduan lanean ari direla esan du.