Herriko lehen sektoreko erakustoki bilakatuko da Gamon Zumardia datorren larunbatean

Landalurren azokaXI.Landalurraren azoka ospatuko da urriaren 17an Gamon Zumardian. Herritarrei inguruan dituzten lehen sektoreko enpresak ezagutarazi eta hauek egiten duten lanari errekonozimendua emateko helburua du Landalurraren azokak. Behemendi Landa Garapenerako Elkarteak eta Errenteriako Udalak elkarlanean antolaturiko azokaren 11.urtea da aurtengoa. Baserritarren azoka eta ganadu erakusketa goizean 10:00etatik 14:00etara egongo da zabalik, eta arratsaldean, berriz, 16:30etik 19:30era.

Herriko lehen sektoreko eragileen azoka dela azaldu dute Mikel Zendoia Behemendi LGEko kideak, Gaztelu jatetxeko Haritz Ertzibengoak eta Jose Cruz Legorburu ingurumen zinegotziak gaur egindako aurkezpenean. Zentzu honetan Cruzek eragile hauek egiten duten lanaren garrantzia azpimarratu du, “herriaren paisaia mantentzen dute, eta azoka eta salmenta guneak kalitatezko elikagaiez hornitzen dituzte”. Era berean, Udaleko ingurumen sailak iaz egindako lanak plazaratuko dira, udalak jarraitzen dituen lan ildoen azalpena herritarrei emateko asmoz.

Ekimen berritzaileak

Azokaren baitan, aukera eta ekintza ezberdinak egongo dira. Besteak beste, nekazal produktuen salmenta azoka, abere erakusketa, udal erakusketa, perretxiko erakusketa, Irrien lagunen ekitaldia, talo eta landaketa tailerra eta Errenteriako Basosoro baserriko esnearekin egindako txokolatada.

Gainera, aurtengoan antolatzaileek ekimen berritzaileak jarri dituzte martxan. Hala, Zumardian auzo konpost-gunea eraikiko da. Eta 17:00etatik aurrera Arkaitza, Gailur, Xera, Batzoki, Kerala, Touring, Juli, Ur, Sindikato, Gaztelu, Benito eta Gamon 14 tabernek bertako produktuekin prestatutako mokadutxoak eskainiko dituzte Zumardian bertan. Azken ekimen honek aurrera begira ekoizle eta tabernarien arteko harremanak sendotu nahi ditu.

Egitaraua