EMKE rock banda batean bilakatuko da larunbatean

rock_band
Collar, Rodriguez eta Mitxelena atzoko aurkezpenean

Pasa den denboraldian izandako arrakasta ikusita, Errenteriako Musika Kultur Elkartea beste behin ere “rock-band” delakoan bilakatuko da. Ohiko Musika Bandara gehituko dira gitarra, baxua, teklatua, bateria eta ahotsa. Publikoak oholtza gainean ikusi ahal izango ditu Javi Area bateria-jolea eta Luis Mari Moreno “Pirata” instrumentu anitz jotzen dituen musikoa, kasu honetan abeslari lanetan. Kontzertua larunbatean, urriaren 17an, izango da 20:30ean Xabier Olaskoaga Plazan.

Carlos Rodriguezen zuzendaritzapean arituko dira denak. Eta hain zuzen, Rodriguez bera, Josu Mitxelena EMKE-ko lehendakaria eta Ion Collar kultura zinegotzia izan ziren atzo “proposamen berritzaile” hau aurkeztu zutenak. Collarrek herriko Banda zoriondu zuen “formatu berriak” bilatzeagatik, nolabait “barrerak apurtu” eta itxuraz hain ezberdinak diren bi estiloren fusioa egiteagatik. Zentzu honetan, Mitxelenak adierazi zuen herriari gauza ezberdinak egin daitezkeela erakutsi nahi diotela. Era berean, Mitxelenak azaldu zuen “muntaia” hein handi batean “Piratari” zor diotela, hasierako ideia berea izan baitzen.

Horrelako “artista batzuekin” ikuskizuna ziurtatuta dagoela aipatu zuten antolatzaileek. Euren esanetan, “gauza bitxiak” ikusiko omen ditu publikoak. Eta besteak beste, Barricada, AC/DC, Abba edota Queen-en abestiez gozatu ahal izango dute larunbatean Xabier Olaskoaga plazara gerturatzen direnek.