Errefuxiatuen egoeraren jatorri eta testuingurua ezagutzeko hitzaldia egingo da asteartean

Zer gertatzen ari da ekialde hurbilean, eta bereziki Sirian? Erantzuna topatzeko asmotan, eta bereziki Siriako gerraren ingurukoak hobeto ezagutzeko, datorren asteartean, urriaren 20an, 19:00etan Reina Aretoan hitzaldia eskainiko dute Ignacio Alvarez-Ossorio eta Mikel Aramendi Arteagak. Hitzaldi hau egiteko beharra errefuxiatuen harrera antolatzeko lehenengo asanblada irekian sortu zen. Izan ere, bertaratu zirenen ustetan, gaiaren konplexutasuna dela eta nazioarteko gatazka ez da behar bezala ulertzen.

Horrela, Espaina mailan aditua den Ignacio Alvarez-Ossorio eta Mikel Aramendi kazetari eta analista euskalduna izango dira astearteko hitzaldia emango dutenak. Besteak beste, errefuxiatuak euren herrialdea uztera eramaten dituen  egoeraren jatorria, testuingurua, ekialde hurbilean ematen ari den nazioarteko gatazkaren ondorioak eta Europak horren aurrean duen erronka izango dituzte hizpide.

Asteartean hitzaldia emango duten biek asko dakite gaiaren inguruan. Ignacio-Alvarez-Ossorio Alacanteko Unibertsitateko arabiar eta islamiar ikasketako irakaslea da. Gainera, mundu arabiar garaikidean dago espezializatua (Palestina, Egipto, Libano eta Siria). Hainbat liburu idatzi ditu, besteak beste, “El proceso de paz de Oriente Medio” (1999). UNRWA espainiar komiteko kide da.

Bestalde, Mikel Aramendi Artega kazetaria da, eta bereziki esatari moduan eta analista politiko moduan egin du lan. Egunkari ezberdinetarako artikuluak idatzi izan ditu. Eta Herri Irratian, Euskadi Irratian, Info7 irratian, zein nazioarteko beste komunikabide batzuetan kolaboratu izan du analisi eta interpretazio aditu moduan.

Hitzaldia_siria_KARTELA