Errenteria TTIP-aren aurkako udalerria izendatu dute

TTIP_plenoaGrupo Oarso Taldea (GOT) TTIP-aren (Merkataritzarako eta Inbertsiorako Atlantikoz araindiko Hitzarmena) aurkako lanean ari da. Eta zentzu horretan, mozioa aurkeztu zuen atzoko Udalbatzaren Ohiko Bilkuran Errenteria Irabaziz eta EH Bildu taldeen babesarekin. Mozioak aurrera egin zuen EH Bildu, Errenteria Irabaziz eta PSE-EE alderdien botoekin, eta EAJren kontrako botoekin. Horrela, Errenteria TTIP-aren aurkako udalerria izendatu zuten.

Atzoko plenoan TTIParen aurka egin zuten ahotsek salatu zuten herritarren eskubideak enpresa handien zerbitzura jarriko direla, eta hitzarmena “atzerapausua” izango litzatekeela. Besteren artean, Kepa Olaizek hartu zuen hitza GOTen izenean, eta hain zuzen TTIParekin “bizi baldintzak, bizi kalitateak eta eskubideek atzera egingo” dutela adierazi zuen. EH Bilduren esanetan, hitzarmen hau “demokraziari estatu kolpea” da, eta honekin herritarren eta langileen borrokarekin irabazitako eskubideak galduko lirateke.

Ordenantza fiskalen onarpena

Bestelako gaiak ere jorratu ziren atzokoan. Esaterako, 2016eko ordenantza fiskalen gainean eztabaidatu zen. Salbuespen gutxi batzuekin tasen izoztea onartu zen,  EH Bildu eta Irabazizen aldeko botoekin, eta EAJ eta PSE-EEren kontrakoekin. Zaborraren zerga, zirkulazio zerga eta kiroldegikoak dira igoera izango dutenak. Gainera, OHZ izoztearekin batera, etxebizitza hutsen gainean ezarritako errekargua berreskuratu nahi da, etxebizitza horien erabilera eta okupazioa sustazeko politikaren ildotik.

Indarrean dagoen zergen gaineko legeak zerbitzuen gastu-sarrera arteko oreka bilatzea ezartzen du; hau da, zerbitzuen autofinantzaketa lortzeko bidea egitea. Zentzu horretan, Gobernu Taldeak azpimarratu zuen zaborren zerbitzuak %42ko defizita duela, nahiz eta 5.edukiontziaren erabilerarekin kostua gutxitzen ari den. Zirkulazio tasari dagokionez, zilindradaren arabera progresiboa izango dela nabarmendu nahi izan zuten.