Ostiral eta larunbaterako eskaintza berezia Udal Ludoteka eta Gaztelekuen eskutik

Errenteriako Udal Ludoteka eta Gaztelekuek herriko haur eta gazte guztiei zuzendutako ekintza bereziak antolatu dituzte urriaren 30 eta 31rako. Azken bi hilabeteetan,  Ludoteka eta Gaztelekuetako haur eta gazteen parte hartze zuzenarekin antolatutako ekintzak  dira.

Ostiralean, txikienen txanda izango da. Oarso Eraikinean (Erdiguneko Ludoteka) “Charlie eta Txokolatezko Fabrika” jaia izango da. 17:30etik 19:30era 6-12 urte bitarteko haurrek ekintzaz gozatu ahal izango dute. Filmean oinarriturik dago eta hiru txoko izango ditu: txokolatezko tailerra, urrezko paperen bilaketa eta mugimendu jolasak (paraxuta). Mozorrotuta joatea gomendatu dute antolatzaileek. Sarrera doan izango bada ere, plazak mugatuak izango dira.

Larunbatean, berriz, gaztetxoek erreleboa hartuko dute. Beraungo Gazteleku zaharrean (Jose Maria Usandizagako atzealdean) 16:00etatik 20:00etara “Izuaren Etxea” jarduera egingo da. Gaztelekuetako gazteek antolatu dute, eta 12 urtetik gorako gazteei zuzenduta dago. Kasu honetan ere sarrera doakoa izango da.

Informazio gehiago nahi izanez gero, Errenteriako Gazte Informazio Bulegoan (Merkatuzar – Pablo iglesias, 3, Tel. 943 44 96 40) eskura daiteke. Edota ondorengo web orrian: gaztebulegoa.errenteria.net

[twocol_one] Kartela - Charlie eta txokolatezko fabrika[/twocol_one] [twocol_one_last]Kartela - Izuaren Etxea[/twocol_one_last]