Don Boscoko zenbait ikasle “Panda Raid 2016” proiektuan lanean ari dira

PANDA RAID 2
Itziar Ostolaza eta Garazi Lopez de Etxezarreta zinegotziak proiektuan parte hartzen ari diren ikasleekin izan ziren atzo

Panda Raid urtero martxoan ospatzen den distantzia eta erresistentzia luzeko rally amateur eta solidario bat da. Ehun ekipo baino gehiagok Madrilen hasi eta Marokon amaitzen den lasterketarako Panda zaharrak  prestatzen dituzte. Horretan ari dira Don Bosco Lanbide Heziketako Ikastetxe integratuko elekrtomekanikako 2.mailako zenbait ikasle.

2016ko martxoaren 5etik 12ra ospatuko da Raid solidarioa. Marokoko Essaouira hirian amaituko da, eta guztira 3000km egingo dituzte, 7 etapatan banatuta. 3.etapan Marokoko hegoaldean kokatutako eskola baten 20 kiloko ikasmateriala entregatuko du ekipo bakoitzak.

Don Boscoren esanetan, Seat Panda ibilgailuan egiten ari diren hobekuntzak ikasleen lanbide heziketan txertatuta daude. Gainera, hezkuntzak berriki proiektuka lan  egiteko markatutako bidearekin bat egiten duela azpimarratu dute.

Hedapena

PANDA RAID
Ezkerreko kotxe beltza da moldatzen ari diren Seat zaharra

Ikasleak “ilusioz” ari dira proiektu honetan lanean. Eta autoaren prestaketa lanekin ari diren bitartean, proiektuari hedapena eman nahi diote. Bide honetan, atzo Itziar Ostolaza gazteria zinegotzia eta Garazi Lopez de Etxezarreta hezkuntza zinegotzia Don Boscon izan ziren proiektua bertatik bertara ezagutzen.

Era berean, martxora bitartean finantzaketa lortzeko lanean ere arituko dira Don Boscoko ikasleak. Horretarako, adibidez kamisetak atera dituzte, eta oraingoz ikastetxeko jolas-orduan jarriko dituzte salgai.