Kirol materialean zein kirol instalazioetan zenbait inbertsio egin ditu Udalak

beraun_kaputxinoak_igerilekuak-300x168Udan zehar kirol arloan hainbat inbertsio egin dituela jakinarazi du Errenteriako Udal Kirol Patronatuak. Hain zuzen, kirol material berria erosteko eta kirol-instalazioak hobetze aldera egindako birgaitze-lanetarako inbertsioak izan dira. Udalaren esanetan, inbertsio horiekin “zerbitzua etengabe hobetzearen konpromisoa” mantentzen du.

Kirol materialari dagokionez, Fanderia eta Galtzarabordako kiroldegietarako step-ak edota igeriketa materiala erosi dira, besteak beste. Guztira 6.000€ inguruko kostuarekin. Birgaitzeari dagokionez, berriz, Galtzarabordako harmailetan egindako obra azpimarratu nahi izan  du Udalak. Izan ere, bertan bederatzi eskailera iraunkor eraiki eta prestatu dira, harmailetako egungo ebakuazio baldintzek dituzten gabeziak konpontzeko asmoz. 100.000 eurotik gorako kopurua izan du obrak eta larrialdietarako bi irteera berri prestatu dira, 1.600 pertsona arte ebakuatu ahal izateko.

Horretaz gain, aipatu du Fanderiako futbol-7ko zelaian belar artifizialeko azalerako soberako kautxua datorren astean kenduko dela makina berezi batekin, jokalekuko zuntz askea jasoko dela eta, azkenik, zelai guztiari azken arrabotaketa egingo zaiola.

Beraungo igerilekuen obrak amaituta

Era berean, Udal Kirol Patronatuak adierazi du “Beraungo Udal igerilekua” berria eraikitzeko lanak ekainean amaitu zirela, aldagelen eraikina zein taberna kafetegia egiteko lanak, hain zuzen. Guztira 3.150.000 euroko kostea izan du instalazio hori eraikitzeak, zeina bi fasetan egin den. 2011n hasi zen lehen fasea eta urtebete beranduago inauguratu zen instalazio berria behin-behineko aldagelekin.

Orain instalazioa guztiz amaituta dagoela, Udalak honen erabileraren inguruko balorazio txiki bat egin du. Zentzu honetan, azpimarratu du erabiltzaileen aldetik harrera ona izan duela. Zenbaitetan igerilekuaren legezko aforoa (657 pertsona) gainditzeagatik itxi ere egin behar izan dutela aipatu du. Eta puntu honetan nabarmendu nahi izan du, batzuetan instalazioetan lekua gelditzen dela badirudi ere, aforoa ur geruzaren araberakoa dela, Eusko Jaurlaritzaren igerilekuen osasun araudiari jarraiki.

Gogorarazi du, instalazioak amaituta ere, denboraldi bakoitzean 170.000 euro inguruko gastua dakarrela horrelako instalazio bat mantentzeak, garbiketa, mantenua, langileak… direla eta.