Pentsio publikoen aldarria egin du beste behin ere Duintasuna elkarteak

Hileko lehen astelehenean egin ohi duen moduan, Gipuzkoako jubilatu eta pentsiodunen Duintasuna Elkarteak kalea hartu du pentsio publikoen aldarria egiteko. 11:00etan Herriko Plazan bildu dira elkarretaratzea egiteko. Eta ondoren, manifestazioa egin dute herrian zehar txistu doinuez lagunduta.

Duintasunak adierazi du ez duela nahi pertsona adindu bakar batek ere pobrezia sufri dezan. Nahikoa aberastasun badagoela eta hori askoz hobeto banatu beharra dagoela uste dute elkarteko kideek. Espainiako Gobernuari Gizarte Segurantzaren transferentzia exijitzea eskatu diote Eusko Jaurlaritzari eta Legebiltzarrari. Gainera,  hileroko gutxieneko pentsioa 1080 eurokoa izatea bermatzeko exijitu diote.

“Zer gertatuko da pentsioekin?”

Ildo beretik, pentsioen gaia landu nahi dute, eta horretarako hitzaldia antolatu dute datorren ostirala urriaren 6rako Niessengo auditoriumean 18:00etan. Horrela, Ekonomian doktore eta Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan katedradun emeritua den Miren Etxezarretak hitzaldia eskainiko du “Zer gertatuko da pentsioekin” izenburupean. Sarrera librea izango da.

Gaurko elkarretaratzean hitzaldira gerturatzearen garrantzia azpimarratu nahi izan du Duintasuna elkarteak.