Arte plastikoen lantegi eta erakustoki

Xenpelar tailerrak
Pintura tailerreko Henar Peso irakaslea ikasle baten lanean laguntzen

Errenteriar gehienek entzungo zuten noizbait Xenpelar tailerren inguruan. Horietako asko izango dira arte plastikoen lantegi honetatik pasa direnak, sormena landu dutenak eta arlo ezberdinetan trebatu direnak. Izan ere, 35 urte baino gehiago pasa dira proiektua martxan jarri zenetik. Eta egun, bizi-bizi dago, astelehenetik ostiralera bitarte Merkatuzarreko beheko solairua (bertan kokatzen dira tailerrak) arte plastikoen lantegi eta erakustoki bilakatzen da.

Ziur aski hainbeste urtez sasoian egoteko arrazoiak bat baino gehiago dira, baina eskaintzen den aukera anitza horietako bat da. Zeramika, marrazkia eta pintura, gazteentzako tailerrrak, argazkilaritza digitala, egurraren zaharberritzea, patchwork eta taila tradizionala. Horiexek denek osatzen dute, hain zuzen, Xenpelar tailerren proiektua.

Xenpelar tailerrak
Zeramika tailerrean

Gune ezberdinak ezagutu ditu proiketu honek, alde batetik bestera ibili da, baina duela bost urte inguru Merkatuzarren finkatu zen azkenean. Eta tailerrak ematen dituzten irakasle denek bat egiten dute instalazioei buruz daukaten iritzian. Euren ustetan, Merkatuzarreko beheko solairua oso egokia da horrelako tailer batzuk eskaintzeko, eta gainera tailer bakoitzak bere beharretara egokitzen den espazioa du, baliabide nahikoa etab. Zentzu honetan Lander Urkia taila tradizionaleko irakasleak zera dio: “Jendeak ez daki ze potentzialtasun dagoen. Euskal Herri mailan ez dut uste halako gehiago dagoenik”. Eskaintza aldetik eta espazio aldetik “bakarra” dela ere baieztatzen du Koldo Garcia patchworkeko irakasleak.

300 ikasletik gora

Xenpelar tailerrek urrian hasi zuten ikasturtea. Astean zehar 300 eta 350 ikasle artean hurbiltzen dira Merkatuzarrera. Errenteriakoak gehienak, edota eskualdekoak, baina baita urrutiagotik datorren jendea ere. Gainera, denentzako irekitako tailerrak dira, adinak ez dauka mugarik. Halere, 7-12 urte bitarteko txikienek euren talde propioa dute eta denetarik lantzen dute, buztina, marrazkiak, karetak… Gazteentzako aukera ere luzatzen da, nahiz eta hauetariko batzuk tailer zehatz batera hurbiltzea nahiago izaten duten.

Normalean urteko ikastaroa egiten omen du izena ematen duenak. Baina hiruhileko ikastaroko aukera ere eskaintzen da. Hortaz, ateak oraindik orain zabalik daude, tailerraren arabera, eta libre dauden plazen arabera betiere.

Prezioen edota eskaintza zehatzen berri izateko sartu hemen.

Eta argibide gehiago nahi izanez gero, astelehenetik ostegunera Merkatuzarreko ateak (Merkatuzar, Goiko kale, z/g)  irekita egongo dira 17:00etatik 20:00etara.