Errenteriako anfibio eta narrastiak ezagutzeko irteerak egingo dira azaroan zehar

anfibio_narrastiakAranzadi Zientzia Elkarteak eta Errenteriako Udalak herriko anfibio eta narrastiak ezagutzeko hainbat dibulgazio ekintza egingo dituzte elkarlanean. 2013an gai hori ardatz hartuta ikerketa lanarekin hasi ziren. Eta jasotako emaitzak 2016an landu eta argitaratuko diren arren, orain arte jasotakoak herritarrekin konpartitu nahi dituzte urte amaiera bitartean. Horretarako, bi irteera eta erakusketa bat antolatu dituzte. Lehen irteera azaroaren 8an, igandean,  izango da.

Lehen txango hori 10:00etan abiatuko da San Marko gotorlekuko sarreratik, eta Lau Haizeta parkera joango dira narrastiak ikusteko intentzioarekin, betiere eguraldia lagun izan ezkero. Eguraldia dela eta irteera bertan behera geratuz gero, erakusketan zehar bisitaldi gidatua egingo da. Bigarren irteera, aldiz, azaroaren 22an izango da, kasu honetan ordu berean Susperregitik abiatuko dira Aiako Harria Parke Naturalera, eta anfibioak ikusteko aukera egongo da.

Izena aurrez ematea beharrezkoa da, idazkaritza@aranzadi.eus helbidera e-mail bat idatziz edota 943 46 61 42 telefonora deituz. Irteera eguna baino bi egun lehenago bukatuko da izena emateko aukera.

Argazki erakusketa

Era berean, azaroaren 30etik abenduaren 12ra bitarte Xenpelar etxean Errenterian eta inguruetan topa daitezkeen anfibio eta narrasti espezieei buruzko argazki-erakusketa egongo da ikusgai. Gainera, erakusketa Euskal Herrian topa daitezkeen espezieen argazki apartez osatua egongo da. Bertan egongo diren irudiak Ramon Aranbarri argazkilariarenak dira, testuak, berriz, Aranzadi Zientzia Elkarteko herpetologia saileko kideek Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzaz sortuak. Informazio panelak ere egongo dira.