“Memoria partekatu baterantz” dokumentua aurkeztuko dute asteartean

eUdala 2015-11-06 | 0

memoria_partekatu_baterantz

“Memoria partekatu baterantz, Errenterian 1956tik 2013ra bitarte izan diren giza eskubideen urraketei eta indarkeria ekintzei buruzko txostena” aurkeztuko dute azaroaren 10ean, Memoriaren egunean, 19:30ean Niessen auditoriumean. Gainera, Kulturgunean dagoen areto batean (seinalizatuta egongo da) pantaila handian ekitaldia zuzenean transmitituko dute. Aurreko legegintzaldian, 2014ko urtarrilean, Errenteriako Udalak Argituz gisa eskubideen aldeko elkarteari herrian gertatutakoaren memoria biltzeko eskatu zion, eta lan horren emaitzak dira, hain justu, aipaturiko dokumentuak jasotzen dituenak.

Aurrerago ere aztertzen jarraitu beharreko lana dela azpimarratu dute. Izan ere, dokumentuak dioen moduan, “amaitu gabeko lana izango da beti, eta agertzen diren datu berriekin jarraitu beharko da egiten”, gainera badira ikerketa honetan “aztertu ezin diren beste indarkeria mota batzuk ere”. Giza eskubideen urraketak eta bestelako indarkeria ekintzak biltzen ditu dokumentuak, baina horrez gain, udaleko ordezkari direnek edo izandakoek eta gizarte eta elkarbizitza-ekimenetan jarduten direnek indarkeria eta horren eraginaren inguruan emandako iritzi eta testigantzak ere jasotzen ditu. Hauexek izan dira elkarrizketatuak: Miguel Buen Lacambra, Angel Maria Elkano Etxebeste, Jose Manuel Ferradas Freijo, Jose Manuel Herzog De Bustos, Garazi Lopez de Etxezarreta Auzmendi, Mari Jose Molina Guerrero, Maite Peña Lopez, Jose Angel Rodriguez Medina eta Mikel Ugalde Ugarte.

Behin txostena egiteko prozesua amaituta, Udalak jakinarazi du aurreko legegintzaldiko bozeramaileen batzordeak aho batez erabaki zuela dokumentua inprimatu eta ezagutzera ematea. Izan ere, Udalaren iritziz dokumentu hau Udalak “etorkizunean memoriaren esparruan egiten dituen politiketarako lan-tresna baliagarria” izango da. Halere, nabarmendu du dokumentua aurkezteak ez duela esan nahi talde politiko guztiek bertan esandako guztia bere egiten dutenik, nahiz eta “memoria eta adiskidetzea eraikitzeko ibilbide luzeko lehen pausoa eman” den.

Astearteko ekitaldian dokumentua aurkeztearekin batera mahai-ingurua izango da Felipe Gomez Isa Nazioarteko Zuzenbidean doktore eta giza eskubideen nazioarteko babesean adituarekin, eta Sabino Ormazabal eta Bertha Gaztelumendi dokumentuaren egile eta Argituzeko kideekin. Udalak herritar guztiak gonbidatu ditu ekitaldian parte hartzera.

 Elkarrizketatuen profilak

No comments yet.

Utzi erantzuna