Badator Mikelazuloren XXI.Herrien Astea

Lampedusa mosaikoa Agirre Lehendakariaren plazan
Lampedusa mosaikoa Agirre Lehendakariaren plazan

“Desegin harresiak, eraiki harremanak”, horixe Mikelazuloko lagunek urtero azaroan ospatzen den herrien asterako aukeratutako leloa. 21.edizioa da aurtengoa eta azaroaren 16tik 22ra bitarte ospatuko da. Horrela, harresiak desegin eta harremanak eraiki nahian egitarau zabala antolatu dute. Solasaldiak, bideo proiekzioa, bigarren eskuko liburu azoka, futbol txapelketa, afaria edota erakusketa izango dira, besteren artean.

Kulturen ahotsak zabaltzea da euren asmoa. Horretarako, antolaturiko ekintzetan herri eta kultura ezberdinei ahotsa ematen zaie modu batera edo bestera. Herritar guztiak gonbidatu dituzte aste honetan parte hartzera.

Lampedusa mosaikoa

Duela bi urte, herrien astean, hain zuzen, Lampedusa mosaikoa, edota laguntasunaren eta aniztasunaren mosaikoa moduan ezagutzen dena osatu zuten. Horrelaxe definitzen dute Mikelazuloko kideek mosaikoa: “Itsas eder bat. Uhinak. Txalupak dantzan. Txalupariak urduri. Gorputzak eta ametsak. Familia-harremanak, lagun-harremanak, bizitza kolokan”. Lampedusan hil ziren ehunka arabiar eta afrikarrengan begia jarri zuten mosaikoa egiteko. Eta oraindik ere, “mugetan eta basamortuetan gosez eta hotzez hiltzen utzitakoak” gogoan hartu nahi dituzte. Melillako harresia edota tren bagoietan pilatutako jende etorkina aipatu dituzte.

“Jokaera zital eta krudel” horiei erantzuteko, eta duela bi urte egindako mosaikoa Errenteriako “elkartasun-oihuaren aldarri” bihurtzeko, herrien astearen baitan, azaroaren 21ean 19:00etan elkarretaratzea deitu du Mikelazulok Lampedusako mosaikoaren aurrean (Lehendakari Agirre plaza).

Informazio gehiago: mikelazulo.com

[box style=”rounded” border=”full”]

Egitaraua:

Azaroak 17, asteartea

  • 19:00etan Mikelazulon: Hizkuntzen mapa eta bizitzaren pintzeladak II bideo pieza

Azaroak 18, asteazkena

  • 19:00etan Mikelazulon: ongietorriaren kultura solasaldia
    • Alemanian errefuxiatuekin egiten ari den lana, Isa Marin (Hanburgo)

Azaroak 19, osteguna

  • Yoshi Hioki ipuin kontalari japoniarra
    • Goizean Koldo Mitxelenako haurrentzat Mikelazulon
    • 22:00etan Cine Reyna tabernan

Azaroak 20, ostirala

  • 19:00etan Mikelazulon: Palestinari buruzko bideoak, egungo egoera azalduz
    • “SUMUD” Palestinara espedizioa (Ander Iriarte)
    • “JERUSAlÉN ESTE” (Mundu bat-eko Eneko Gerrikabeitia)

Azaroak 21, larunbata

  • 10:30etik aurrera Lehendakari Agirre plazan: bigarren eskuko liburu azoka (Colombiako Arahuaco herriko haurrentzat bizikletak eraman ahal izateko izango da)
  • 19:00etan Lampedusa mosaikoaren aurrean (Lehendakari Agirre plaza): elkarretaratzea
  • 21:00etan Txintxarri elkartean: Herri armeniar afaria, Herri Armeniarraren jenozidioaren ehun urteurrena ospatzen da

Azaroak 22, igandea

  • 11:00etan Zumardian: nazioarteko emakume taldeen futbol txapelketa
    • Honduras, Bolivia, Paraguay, Nicaragua, Euskal Herria

Azaroak 17tik 30era

  • Mikelazulon erakusketa: Brasilgo presa hidroelektrikoak: emakume kaltetuak (MunduBat)

[/box]