“Kulturartekotasunaren bila” mintegia eskainiko du Isabel Marin Arrizabalak datorren azaroaren 16 eta 17an

Datorren azaroaren16ean (astelehena) eta 17an (asteartea), Isabel Marin filologo eta kulturartekotasunaren alorrean adituak bi eguneko ikastaroa eskainiko du Errenteriako Xenpelar etxean Errenteriako Udaleko kultur aniztasuna, garapenerako lankidetza eta giza eskubideen sailak antolatuta.

Mintegi honetan, aspaldian Alemaniako Hanburgo hirian bizi den adituak kultur aniztasunean egunerokoan lantzeko teknikak, hausnarketarako praktikak eta gatazken aurrean kudeaketarako tresnak eskainiko ditu.

Udalak jakinarazi du xede taldea denetariko izatea aurreikusten dela. Izan ere, egunerokoan bizi dugun jendarte kultur anitzean elkarbizitzeko konpetentziak jasotzeko ikastaroa da. Hortaz, elkarteetako kideaei, administrazioko langileei, osasun arloko jendeari, pertsonekin esku-hartzen dutenei edota hezkuntza arlokoei zuzenduta dago, besteak beste.

Mintegiak bi egun iraungo baditu ere, egun bakarrean parte har daiteke. Ordutegia, goizeko 9:00etatik 15:00etara izango da. Parte hartzeko aurrez izen ematea beharrezkoa da aniztasuna@errenteria.eus helbidera posta elektroniko bat bidaliz, edota 943 44 95 96 telefonora deituz.  Aste honetako ostirala bitarte egin ahal izango da, plazak mugatuak baitira.